Ez zuen bizitza luzea izan, baina Euskal Herriaren eta euskal kulturaren inguruko lau dokumental luze utzi zizkigun Jean-Pierre Grasset zinemagileak. Haren lana gogoratzeko saio berezia egiten ari dira Baionan eta Hazparnen (Lapurdi), igandera arte.
Paristarra zen, baina 1990eko hamarkadan Euskal Herrian jarri zen bizitzen, eta hedabideetan agertzen ez den herri eta kultura oso bat aurkitu zituen. Horren inguruko lau lan egin zituen, 1998. eta 2000. urteen artean.
Bat bi. Euskal rocka bizi ote? dokumentalean, 1998. urte inguruko musika paisaia erretratatu zuen. Hurrengo urtean, Zuberoko kantuari eskaini zion arreta Ama lanean. Jean- Mixel Bedaxagar musikariak ikuskizun bat prestatzen eginiko prozesua erabili zuen aitzakia gisa.
Musikaren hariari tiraka egin zuen hurrengo filma, denboran apur bat atzera egin bazuen ere: Hatsa dokumentalean, Isturizko eta Otsozelaiko leizezuloen erretratua egin zuen, musikaren jaiotza kontatzeko, han topaturiko historiaurreko xirulen bitartez.
Zazpiak bat lanean, Maurice Ravel Ziburuko konpositorea ekarri zuen gogora, hark Euskal Herriko kulturarekin zuen lotura erakusteko.
'1990KO EUSKAL KULTURA'
Noiz. Gaur, 18:00etan, Baionako Euskal Museoan, Hatsa dokumentala, eta elkarrizketa Claude Labat eta Paxkal Indorekin. Bihar, Hazparneko zineman, 17:00etan, kontzertua Amaren Alabak taldearekin.
Paristik datorren zinemagilea
Jean-Pierre Grasset dokumentalgileak Euskal Herriari botatako begirada, Baionan eta Hazparnen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu