Bikote bat sartu da duda-mudatan eta ondorengoa galdetu du: «Barkatu, baina hau zer da, denda ala ataria? Errentan hartzeko etxe bat ikusteko geratu gara, eta zalantza sortu zaigu». Ezaguna egin zaio galdera Elisa Martini. Behin eta berriz erantzun behar izan dio, dagoeneko. Oroitu ere ez da egiten gaurkoa zenbatgarrena den. «Bai, ataria da; sartu lasai». Ez da, ordea, guztiz egia: atariaren barruan denda du Martinek. El portalito esaten diote Encajes Marbey dendari. Bilboko alde zaharrean dagoen Posta kaleko lokalak lau metro koadro bakarrik ditu.
«Garai batean hiru pertsona egoten ginen batera lanean hemen, geratu ere egin gabe, etengabe saltzen». Nostalgia puntu bat sumatzen zaio Martini. Jostunak izaten ziren erosle nagusiak. Saldu eta koaderno batean apuntatzen zuten bezeroek zor zietena. Noizean behin pasatzen ziren gero ordaintzera. «Nire izebak konfiantza osoa zuen mundu osoarengan». Gaur egun, oso bestelakoa da egoera. Ahizpa eta bien artean banatzen dituzte lanorduak. Etxeko andreak edo amonak etortzen dira erostera. «Jendeak gero eta gutxiago josten duela nabaritzen da. Erosi egiten dute arropa». Baina ohitura horiek aldatzen joaten direla dio, «zikloak» daudela. Beraz, ziurtasun osoa du garai hobeak etorriko direla.
Esperientzia handiko saltzailea da Martin. 30 urte daramatza saltokian lanean, eta badira 62 urte aitak denda eskuratu zuela. «Parpaila biltegia zeukan Artekalen, eta, ondoren, nire izebarekin batera jarri zuen hemen saltokia».
Bizilagun bat azaldu da atariko atean, eta Martinek beti bezala agurtu du. Erakusmahaia ere atzeratu behar izan du, emakumeak pasatzeko lekua izan dezan. «Ez da mahai finkoa, mugitu egin dezaket aurrera eta atzera, espazio gehiago hartzeko». Atariari kentzen dio lekua hori egiten duenean. «Ez da batere erosoa, baina denborarekin ohitu egiten zara». Materiala gordetzeko eraikinean bertan etxe bat daukate, bestela ezinezkoa izango litzateke. Aukera izan dute beste norabaitera joateko, baina ez dute nahi izan. Leku txikia izanagatik nortasun propioa hartu du El Portalitok.
Eraikinean bizi diren guztiak ezagutzen ditu. «Uholdeen ondoren etorritakoak dira, gu hemen geundela jarri ziren bizitzen denak. Ez daukat inolako arazorik eurei mesederen bat egiteko. Galdera arraroak egiten dizkidan pertsona ugari ere sartzen da kaletik». Umorez hartzen du Martinek. Ohituta dago, jada.
Parpailak saltzeko lau metro koadro bakarrik
Encajes Marbey saltokian gaur egun jendeak ez duela josten antzeman dute, gero eta gutxiago saltzen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu