Jaiak. Tafalla

Parrandarako gogoz hasiko dituzte gaur bestak Tafallan

Udalak aurrekontua gutxitu behar izan du; txosnetako egitarauan «apustu sendoa» egin dute

Zazpi egunez ez dira faltako giro ona, txantxak eta edaria Tafallako bestetan. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Iker Tubia.
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Txupinazoa dute gaur Tafallan. 12:00etan hasiko dira bestak ofizialki, suziria botatzearekin batera, eta zazpi eguneko parrandaz gozatuko dute tafallarrek. Orotara 130 ekitaldi prestatu ditu udalak, eta herri mugimenduak ere bere egitaraua antolatu du. Txosnetako ekitaldiak prestatzen ibili da Garazi Arrula, eta «apustuen urtea» izanen da aurtengoa, esan duenez. Izan ere, iazko eskaintza hobetzen saiatu dira. Besteak beste, Berri Txarrak taldearen kontzertuarekin erakarri nahi dute jendea.

Kontzertuak ezinbestekoak dira txosnen egitarauan. «Egitarau mamitsu eta zabal baten parte garrantzitsua da Berri Txarraken kontzertua», esan du Arrulak. Hamabi urteren ondotik, astelehenean itzuliko da Tafallara Gorka Urbizuren taldea. Baina txosnen apustua ez da kontzertuetara mugatzen. Adibidez, aurten besta egun bat gehiago prestatu dute: atzokoa. Horretaz gain, edalontzi berrerabilgarriak izanen dituzte barretan. «Urte berdea ere izanen da», esan du Arrulak, edalontziei erreferentzia eginez.

Urtero bezala, leloa izanen du txosnen egitarauak. Aurtengoa Independentziaz aske izanen da. Txosnen helburua «herria suspertzea» dela dio Arrulak, eta, bidenabar, Tafallan euskaldunak egon badirela azaltzea.

Herri mugimenduak «apustu sendoak» eginen ditu, baina udalak aurrekontua murriztu egin du. Joan den urtean baino %5 gutxiago gastatuko du aurten. Txosnei bideraturiko diru laguntza ere txikitu eginen da. «Lehen urria bazen, orain are urriagoa izanen da», azaldu du Arrulak. Udal aurrekontuaren erdia musika emanaldiak eta zezenak ordaintzeko izanen da.

Antzeko egitaraua

Udalak prestatutako egitaraua iazkoaren antzekoa izanen da. Musika emanaldiak, herri bazkariak, erraldoiak eta zezenak dira ekitaldi nagusiak. Erraldoiak txukundu egin dituzte aurten, eta batzuek jantziak estreinatuko dituzte. Zezen plaza ere prest dute Tafallan. Joan den urtean Quesero zezenak harmailetara jauzi egin zuen, eta ikara piztu zuen ikusleen artean. Horregatik, segurtasun neurriak gogortu dituzte, eta hamar zentimetro handitu dute plazako hesia.

Bestek abuztuaren 20ra bitarte iraunen dute. Normalean, hasi bezala amaitzen dira: suziria botatzen. Baina azkeneko eguna larunbata denez aurten, dantzaldia izanen da besten amaierako suziriaren ondotik.Venus Swin orkestrarekin luze joko du azkenengo parrandak. Txosnetan, berriz, azken guda dantzarekin agurtuko dituzte bestak. Ordura arte, hamaika ekimenekin gozatzeko aukera izanen dute tafallarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.