Gaur hasi eta astelehenean bukatuko dira Tafallako (Nafarroa) festak. Zazpi egun eta hamaika motibo parrandazaleek kalea hartzeko. Aurten ere ekitaldi ugari dago. Izan ere, festetarako bi egitarau izango dira; batetik, herri eragileen egitaraua, eta, bestetik, Tafallako Udalarena. Iaz baino 35.000 euro gutxiago izan du udalaren egitarauak, baina, dena den, badago denentzako moduko zereginik.
Gaur hasiko dira festak, udaletxeko balkoitik suziria bota eta lehertzen denean. Hala, jai giroz betetako zazpi egun izango dira, tafallarren gozagarri. Suziria bota ostean, preso eta iheslarien alde topa egingo dute, txosnagunean.Arratsaldean, berriz, jotak aditzeko aukera izango dute, Santa Maria zentroan. Gauean, betiko ohiturei eutsiz, zezensuzkoa aterako da, 21:45ean, ohiko ibilbidea egiteko. Jaietan, musikarena izaten da herria, eta horrela izango da Tafallan ere; 00:30ean Venus Swing taldeak joko du, Nafarroako Frantziskoren plazan. Txosnagunean, aldi berean, DJ 2Fastek emanaldia egingo du.
Bihar, dianek alaituko dute herria, 07:00etan. Gero, esnatu berri direnek eta gautxoriek gozatu ahalko dute egitarau oparoaz. Eguerdian, kalejira izango dute, Empuje peñak antolatuta, eta, arratsaldean, kafe kontzertua, Roberto Urrutiaren emanaldiarekin. Kontzertu gehiago ere izango da: 20:00etan mariatxiek kantatuko dute, Nafarroako plazan. Gauean, afaria izango da txosnetan, eta horrez gain, su festa ikusi ahalko dute, 22:45ean. Su festa amaituta jarraituko du mariatxien emanaldiak, gautxori eta dantzazaleentzat.
Festetako hirugarren egunean ere badago zeregin franko. 13:00etan, kalejiran aterako da Aguazon peña, eta bazkalordurako, bazkaria antolatu du Tafallako Herrira-k. Arratsaldea haurren gustukoa izango da, haurrentzako parkea antolatu baitute, 17:00etan, Eskolapioetako jolastokian. Dantzazaleentzat ere izango da dibertitzeko aukera; 20:00etan, dantzaldia dute Mielotxin taldearekin Nafarroa plazan, eta, txosnagunean, Odolkiak Ordainetan Tafallako taldeak joko du. Nazioartetik heldutako musikarien emanaldiak ere badaude Tafallan. The Real McKenzies talde kanadarrak kontzertua emango du gauean, txosnagunean.
Artearen neurriko jaiak
Festak luzeak dira, baina ez da aspertzeko tarterik izango, laugarren egunean ere ekitaldirik ez baita faltako. Ostiralean, Nagusien Eguna ospatuko dute. 11:00etan, erraldoi eta buruhandiek kaleak hartuko dituzte, musika doinu alaiez, festak direla argi gera dadin. Eta musika emanaldi batek beste bati emango dio segida. 12:30ean, bandak kontzertua emango du, plazan.
Baina beste arte adierazpen batzuek ere badute tokia festetako egitarauan. 13:00etan, Va de Calle arte jaialdia ospatuko dute. Bertan, edozein motatako arte ikuskizuna eskaintzen duten artistek parte hartu ahalko dute. Artearen ostean, tripa betetzeko garaia helduko da, eta nagusientzako bazkaria egingo dute, 13:30ean, Ereta kirolgunean.Bazkalostean, gizarte etxean jarraituko du jaiak: Alma Navarra-Alma Latina musika taldearen emanaldia izango dute, 16:30ean.
Txosnagunean, ordea, jana eta edana gustuko dituztenen- tzako eskaintza paregabea izango da: garagardo eta saltxitxa festa, 22:00etan. Tripa beteta, dantzara animatzen diren festazaleek ere aukera izango dute, 23:00etan, txosnaguneko binilo festan.
Larunbatean, Haurren Eguna ospatuko dute. Ondorioz, umeak izango dira jaietako protagonistak. Hala, puzgarriak eta jolas parkea izango dira egun osoan, haurrek nahi bezala goza dezaten. Igandean eta astelehenean ere badago ekitaldi nahikorik, tafallarrak festa giroaz ez ahazteko. Zazpi egun eta gauetan, izango da denen neurrira prestatutako ekitaldirik. Festetan parranda giroak hartuko du herria.
Jaiak. Tafalla
Parrandaren bozgorailua
Iaz baino 35.000 euro gutxiagoko aurrekontua dute gaur hasi eta astelehenean bukatuko diren festek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu