Partenoiko eskulturen erreplikak jarri dituzte ikusgai Bilbon

Berreginen Museoak 30eko hamarkadan erosi zizkion lehen erreplika horiek Britainiar Museoari

Erredakzioa
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Mendeetan artearen historian erreferentzia izan den antzinako tenplu garrantzitsueneko eskulturen erreplikak Bilbora iritsi dira. Atenearen egoitza. Partenoia erakusketan mundu klasikoko eraikin aipagarrieneko metopak, frisoak eta frontoiak ikusi ahal izango dira. Denetara, hamazazpi pieza biltzen ditu erakusketak. Era horretan, Bilboko Ondare aretoan jarri duten eskultura sailarekin, Periklesen garaiko Atenasen zantzuak jasoko ditu bisitariak. Erakusketa ekainaren 28 arte egongo da zabalik.

Bilboko Ondare aretoan ikusi ahal izango diren eskultura denak Berreginen Museoarenak dira, eta joan den mendeko 30eko hamarkadan erosi zizkion Britainiar Museoari. XIX. mende hasieran Lord Elginek Partenoiko eskultura horiek Londresera eraman zituenean egindako lehenengo erreplikak dira, eta «jatorrizko lanen erabat berdinak dira», antolatzaileek adierazi dutenaren arabera. Eskulturak erakusketan ikusgai jarri ahal izateko, ordea, hainbat pieza zaharberritu egin behar izan dituzte Berreginen Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Zaharberritze Sailak. Antolatzaileen hitzetan, «formatu handiko artelanak dira, oso delikatuak», eta era horretako erakusketa bat antolatu ahal izateko ezinbestekoa izan da hainbat erakunderen arteko elkarlana.

Bisita gidatuak eta hitzaldiak

Erakusketa, ordea, ez da errepliketan bakarrik oinarrituko. Apirilaren 26an, maiatzaren 9an eta 23an eta ekainaren 6an, besteak beste, hitzaldiak emango baitituzte Itziar Martijak, Mikel Bilbaok eta Jose Angel Lekandak Ondare aretoan. Hainbat ikuspuntu landuko dituzte, baina, ildo nagusian, metopak, Partenoiko arkitekturak eta garai horretako eraikinek mendebaldeko artean historian izan duten esanahi estetikoa landuko dute.

Bestalde, tailer didaktikoak ere eskainiko dituzte, bisita gidatuen bidez. Ikasleentzat izango dira bereziki aste barruan, eta gainerako ikusleentzat, bisita gidatuak asteburuan izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.