Kantauri itsasoaren olatu bizietan dantzan; euskal kostaldeak sekula eskaini ez duen babesik gabe. Halaxe nabigatu du Pasaia-k egunotan. Etxean. Izan ere, XIX. mendeko batela 2008an eraiki zuten Bretainian, baina betiere euskal ontzigintzaren diseinuari jarraiki. Ez alferrik Albaola elkarteak lortu zituen Pasaia-ren planoak Donostiako Aquariumaren bidez. Eraikitze prozesuaren arazoak tartean, batelak bisita txiki bat egin zion Pasaiari orain hilabete batzuk, baina egunotakoa izan da benetakoa, erabat bukatua eta nabigagarria dela.
Itsas kultura lantzen duten Bretainiako hainbat elkarterekin harreman handia dute Albaolakoek. Horri esker etorri da Pasaia Pasaiara. Defi Du Traic, Mativ'Action eta Frantziako Arraun Bela Federazioko kideak ostegunetik izan dira Pasaian atzo arte; Albaolakoekin «trukatze aberasgarria» egin dute. Xabier Agote Albaolako lehendakaria (Donostia, 1964) pozik da badian zein itsaso zabalean Pasaia-ren joan-etorriak direla eta. «Gure ontziekin ere nabigatu dute; esperientziak eta ideiak trukatu ditugu, eta aurrerantzean ere harremana sendotzeko pausoak eman ditugu». Harreman hori, edonola ere, estua da aspaldi honetan. Bretainiarrak euskal ontziak ezagutu nahi izan zituzten, eta Albaolakoen bidez eraiki zuten Pasaia euskal batela.
Mende bat atzera
Xumea dela esango du baten batek akaso, baina bere soiltasunean du aberastasuna Pasaia-k. Bost metro eta 30 zentimetro luze. Bela bakarra eta arraunak. Arrantzatzeko. Ezaugarri horietako batel asko zeuden euskal kostaldean XIX. mendean. Egunotan Pasaiako badian ikusi dutenek bat-batean denboran atzera egin ote duten ere pentsatuko zuten. «Bretainiako kostaldeak babesa eskaintzen du gurearekin alderatuz; gurea oso lineala da, eta itsas zabalak beste era batera jotzen du. Pasaia hemen nabigatzeko eraikia dago», dio Agotek. Eta ontziaren bertuteak probatu dituzte bretainiarrek zein euskaldunek. «Besteak beste, nabigatzeko gure teknika zaharrak ikasi dituzte». Pasaia ongi eraikia dago.
Nabigatu bakarrik ez, etorkizunerako planak ere egin dituzte elkarteek. Frantziako Arraun Bela Federazioak bere urteko batzarra egin du Pasaian. Urtero ontzi tradizionaletan nabigatzeko ikastaro bat antolatzen du hark, eta hura Pasaian egin ote zitekeen aztertu nahi zuten. 2012rako Pasaian ikastaro bat prestatzeko asmoarekin joan dira Euskal Herritik. «Hemen ez dugu arrauna eta bela uztartzen dituen federaziorik, baina hura sortzeko asmotan gara», dio Agotek. Ideiak ez dira falta, bistan da. Bretainiarren eta euskaldunen harremana onuragarria da. «Albaolan laster ikastaroak antolatu nahi ditugu ontzigintzaren inguruan gazte desmotibatuak bideratzeko. Tresna interesgarria dela ikusi dugu Defi Du Traict eta Mativ'Actionen esperientzien bidez». Haien laguntza eskuratu dute proiektua martxan jartzeko. Banatu ez, baina elkartu egin ditu itsasoak euskaldunak eta bretainiarrak.
'Pasaia' etxera etorri da
Bretainiako hiru elkartetako kideak Pasaian izan dira egunotan, eta Bretainian eraikitako 'Pasaia' XIX. mendeko euskal batela ekarri dute Kantauri itsasoko olatuetan nabigatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu