Korrikaren alabarik gazteena jaiotzear dago. Maiatzaren 25etik 27ra egingo dute okzitanieraren aldeko lehen lasterketa: Passem(pasatu edo transmiti dezagun, okzitanieraz). «Duela hogei urte lasterka egin nuen Korrikan, Zuberoan, eta hunkitu egin ninduen», esan du Daniel Barneixek. Passem antolatuko duen Ligams elkarteko burua da, Helene Ithurritzekin. Gero, Barneix Okzitanierazko Calandreta eskolako guraso bihurtu zen, eta elkartean, modu informalean, esan zuen Korrika moduko bat antolatuko zuela egunen batean. Heldu da eguna. AEK-ko Jakes Bortairurekin elkartu ziren, eta hark azaldu zizkien Korrikaren balio sinbolikoa eta praktikoa.
Baina okzitanieraren aldeko egitasmoek beti dute arazo bera: lurraldea oso handia dela. «Ez dakit 30 eguneko lasterketa egiteko moduan geundekeenik». Hasieran, Baiona eta Bidaxune (Nafarroa Beherea) artean egin nahi zuten lasterketa, baina tartean «hutsune gehiegi» izango zituzten beldur ziren. Barneix Pauen bizi da, eta, azkenean, lehen Passem! antolatzea erabaki zuen, «inguruko jendearekin». Horregatik, estreinatzeko 400 kilometroko ibilbidea atondu dute. «Funtzionatzen badu, hurrengoan urrutiago joango gara». Bidaxune (Bidaish, gaskoi-okzitanieraz) eta Paue (Biarno, Okzitania) artean egingo dute korrika. Atzo, bilera egitekoak ziren euskalgintzako militanteekin, Bidaxunen, laguntza antolatzeko. «400 korrikalari biltzen baditugu, 400 kilometroetan txandak egiteko, beteko dugu lehen helburua», esan du Barneixek. Bigarren helburua hizkuntzaren transmisioaren inguruko kontzientzia piztea litzateke, eta, hirugarrena, dirua biltzea, gau-eskolei eta Calandretari laguntzeko. Kilometroak 100 euroan salduko dituzte gutxienez. Korrikak kutsatzen darrai: Barneixek deiak jaso ditu Alsaziatik; han ere Korrika moduko bat egin nahi dute 2019. urterako. «Korrika ideia zoragarria da: hizkuntzak asko intelektualtzen ditugu, eta jende askok errazago egiten du bat halako gauza ludiko batekin».
LA PASSEM! BIARNON
Passem lehen aldiz egingo dute, eta Euskal Herritik
Okzitanieraren aldeko lasterketa hasiko dute maiatz amaieran. Korrikan arituriko biarnoar batzuek sortu dute egitasmoa, eta Bidaxunetik ekingo diote. 400 kilometro egingo dituzte, hurrengoan luzatuko dutelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu