Lan hau gurpil gaineko patinajea bultzatzeko tresna ona izango dela iruditzen zait». Hala dio Maria Eva Uzkianok, egunero egiten duen patinaje saioetako batean atsedena hartzen duen bitartean. Bilboko Deustua auzoan dagoen pistara joaten zen uda arte patinatzera, eta hiru hilabetez bertatik igaro gabe egon eta gero, berriz itzuli da. Uztailean, pista handitzeko lanak hasi zituzten, eta duela aste bat amaitu dira. Bilboko Udalak egindako lanaren ondorioz, Euskaldunako zubi azpiko pistak 440 metro karratu gehiago ditu gaur egun, denera 1.845 metro karratu. Egokitzapenak bertan ibiltzeko aukerak handitu ditu, eta kirola sustatzeko oinarria izango dela uste du Uzkianok.
Goizez jende gutxi dabil, eta orduan aprobetxatzen du bilbotarrak patinaje eskolak jasotzeko. Hiru urte daramatza horrela, segurtasun nozioak areagotzen. Kalera ere irteten da patinatzera, baina oraindik errespetua ematen dio: «Adineko jendea, haurrak eta jende ugari ibiltzen da, eta saihesten ibili beharra dago», dio. Horregatik, nahiago du pistan ibili, «lasai ibiltzeko aukera ematen du». Baina lasaitasun hori goizetan bakarrik egoten da, arratsaldetan bestelakoa baita bertako egoera. «Jendetza ibiltzen da, eta horrek ere errespetua ematen du, kalean bezala saihestu behar baituzu jendea».
Hori dela eta, kaletik ibiltzeko baliabide gehiago izan ditzan eta segurtasunaren inguruko nozioak handitzeko, Zona Verde elkarteak eskaintzen dituen eskolak jasotzen ditu Uzkianok. «Behar gehien duten pertsonekin lan egiten dugu, patinetan ibiltzeko zailtasunak dituztenekin batez ere», Josu Olabarria elkarteko zuzendariaren esanetan.
Handitzeko beharra
Pista handitzeko lana, gainera, elkartearen eskutik iritsi zen. «Duela hiru urte joan ginen udaletxera proiektuarekin, eta hasieratik aldeko jarrera erakutsi zuten arren, aurtengo udan hasi dituzte lanak». Horiek egiteko arrazoi ugari zeudela dio Olabarriak. Esaterako, patinatzeko pistaren eta zubiaren artean kalezulo bat sortzen zen, «eta bertan denetarik egoten zen: jendea kaleko edanean, pixa egiten, erretzen, eta beste». Hori gutxi ez, eta patinatzen ibiltzen zen jendearentzat ere arriskutsua zen kalezuloa, elkarteko zuzendariaren esanetan. Besteak beste, lapurreta ugari egoten baitziren inguru horretan. Kalezuloa desagertu, eta pista gisa egokitu dute. Beraz, espazioa irabazteko ez ezik, egoera hobetzeko ere balioko duela uste du.
Baina garbitasuna eta segurtasuna ez ziren izan arrazoi bakarrak. «Inguru honetara jende andana etortzen da patinatzera», Uzkianok onartu duenez. Arratsaldetan ohikoa izaten da pista erabiltzailez betetzea, «patinatzen ibiltzeko, txirrindu gaineko poloa edo beste hainbat kirol egiteko lekua izaten da hau», dio Olabarriak. Beraz, denentzako lekua izango zuen gune baten beharra «handia» zen. Zona Verdek eskaintzen dituen eskolak jasotzeko eta beren gisara dabilen jendearentzat beharrezkoa zen lekua: «Orain hobe ibiliko garela iruditzen zait».
Plaza giro
Patinei bidea zabaltzen
Euskaldunako zubipean dagoen patinatze pista handitu egin dute. Espazioa irabazteko ez ezik, garbitasuna eta segurtasuna hobetzeko balioko du, erabiltzaileen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu