Bilboko Aste Nagusia

Patxo Telleria izango da Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria

Komantxe konpartsari egokitu zaio txupinera aukeratzea aurten, eta Gisele Felli Gorritxok beteko du paper hori.

Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko uztailaren 7a
13:04
Entzun

Iruñeko San Fermin jaietan murgilduta egon arren, Bilboko Aste Nagusia gertuago sumatzen da. Are gehiago, jaietako pertsonaiarik garrantzitsuenak nork ordezkatuko dituen jakinarazi eta gero. Pregoilari izateko Patxo Telleria aktore, zuzendari, gidoilari eta antzerkigile bilbotarra aukeratu dute, eta txupinera aukeratzeko egiten duten zozketan Komantxe konpartsari egokitu zaio konpatsakideen artean txupinera aukeratzea. Hala egin dute, eta Gisele Felli Gorritxo izango da jaiei hasiera emango dien suziria piztuko duen konpartsakidea.

Bilboko Udaleko Jai Batzordeak aho batez aukeratu du Telleria pregoilari izendatzea. Era horretan, omenaldia egin nahi izan diote taula atzean zein gainean egindako ibilbide oparoari. 1980ko hamarkadaren erdialdera hasi zen antzerki eta telebistako aktore lanak egiten. Antzezlanak idatzi ditu, baita telebistarako eta zinemarako gidoiak ere. Bere karrera osoan zehar sari asko jaso ditu, eta, joan den urtean, Bilboko Udalak Mikel Martinezekin batera egindako lanagatik omenaldi bat eskaini zion Euskararen Nazioarteko Egunean.

Bilboko Aste Nagusia abuztuaren 20an hasiko da, eta hilaren 28an amaituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.