Aitor dut ni ere harrapatu ninduela, ni ere jausi nintzela haren sareetan. Ez soilik maite izan dudalako haren mutilen jokoa, ez soilik koipeztatzeagatik jokoan den guztia irabazten duen makina arrakalarik gabea: haren tenpoak, ahots tonu apalak, neurriak, patxadak, sen onak, haren hitzek limurtu izan naute inoiz, barre egiteko duen manera hain gizaberekundekoiak.
Kito, ordea, bukatu dira lilura horiek guztiak. Ez omen zituen elkarrizketak ematen, baina, hara non, Sabadell deritzon bankuaren azken promozio kanpainan hartzen duen parte hamargarren hamarkada honetako jainko berriak, Pep Guardiola futbol entrenatzaileak. Fernando Trueba zinema zuzendariarekin batera egin du, 18 minutuko hizketaldi batean, oraingoz sarean: plano irekian alde banatara bakoitza, lehen planoan gero, batak hitz egitean, entzutean besteak, zuri-beltz dotore-zainduan dena.
Eta kito, gainezka egin dit hortxata-odolak: bankuek sortutako krisi baten erdian gaudela, bankuek etxeen desauzioak ia egunero egiten dituztela, banku baten irudi bilakatzea? Zenbat diruren truke? Gero, zer, GKE bati emango dizkio irabazitako euroak? Noski, dena onartzen diogu mutikoari, elkarrizketaren erdian puta madre esatea, seguru haren puzkerrek usain gozoa dutela, hain da ama orok bere alabarentzat nahiko lukeen gizasemea. Eta ze guapoa den gainera. Ba, ez, guapoa Ronald Koeman zen, eta jateko modukoak bere ipur-izterrak, Pepe Sales poetak idatzi bezala. Hobeki ulertzen dut orain Zlatan Ibrahimovic suediarrak behin eskaini zion irain hura: filosofoa. Sasi, gehituko nioke, surik ez eta kea saltzen duten horietakoa. Gainera, Fernando Truebak itzuli pare bat ematen dizkio hizketaldi horretan, Perich-en hau aipatzeagatik bakarrik: esperientziak erakusten du esperientziak ez duela ezertarako balio.
Eta hori gutxi balitz, Osasunarekin sartzen da. Madril entrenatu ondorenean Txinako selekzioa eta talde gorritxoa gutxitxo direla iradokiz. Txina eta Osasunakoa egin naiz supituan, noski. Edo, ze demontre, Mendikotako Neska Gaitz emazte errugbi taldekoa. Tira, biharamunean joan egingo dela pentsatzen ez duen egunik ez omen du entrenatzaile maiteak. Biharamun horretarako aholkutxo bat: egin dezala fusioren bat edozein kutxarekin, dei diezaiola Pep Bank. Egon dadila lasai: ez ditudan sosak, behintzat, ez ditut han sartuko eta.
Komunikazioa. Ekografiak
Pep Bank
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu