Perkusio talde oro ez da batukada taldea. Batukadek musika brasildarra eskaintzen dute, eta guk drum & bass, funky, eta musika elektronikoaren erritmoak eskaintzen ditugu», dio Ander Garcia Zo-Zongo perkusio taldeko kideak. Hainbat perkusiok daukaten tonalitateak aztertu, eta era guztietako doinuak eskaintzen ditu talde oiartzuarrak hainbat herritako jai eta ospakizunetan. Antzezpena ere uztartzen dute euren emanaldietan, «jendearen erantzunaren bila». Horrek guztiak euren emanaldiak indartsuak eta biziak izan daitezen bide ematen du. «Euskal Herrian dauden batukada taldeekin alderatuz gero, gureak energia eta bolumen handiagoa du», dio.
Harriduraz ateratzen dira plazara, estetikoki estatiko agertzen dira, eta apurka danborrei eragiten hasten dira. Indarra areagotzen joaten da, eta azkenerako jende guztia festan jartzen dute. «Orduaren arabera giroa hobea edo okerragoa izaten da, baina oro har jendeak erantzun ona ematen du», azaldu du Ander Garciak.
2007an sortu zen Zo-Zongo taldea, Oiartzunen (Gipuzkoa), perkusioan ikasketak egindako gazte talde baten eskutik. «Pixkanaka emanaldi gero eta gehiago emateko eskatzen ziguten han eta hemen, eta azkenerako profesionalizatzen joan gara». Taldea osotasunean ez da emanaldietatik bizi, baina ikasketak dituzten heinean, irakasle gisa ere aritzen dira. Inguruko herrietako musika eskoletan ematen dituzte eskolak, eta baita Zo-Zongo taldeak duen eskola propioan ere. «Musika eskola bat sortu genuen, eta gurean ikasten duten ikasleek ondoren gurekin egiten dituzte emanaldiak», Ander Garciaren hitzetan.
Musikari berriek eskain dezaketen eragina ez dute galdu nahi, eta horregatik, aldiro ikuskizun berriak sortzen dituzte. Orain, esaterako, clown-ean oinarritutako emanaldiak eskaintzen ari dira. Baina Oiartzungo taldearen eskaintza ez da kalera soilik bideratzen. Sustraiak eta arima han dituzten arren, bestelako eskaintzetara ere bideratzen dute euren musika. Esaterako, Oreka TX txalapartariekin ikuskizun bat prestatzen ari dira momentu honetan, eta Iñaki Salvador musikari donostiarrekin eta Losdelgas musika taldearekin kolaborazioak egin dituzte. Udan, ordea, makilak astintzen eta erritmo indartsuak kaleetan zabaltzen ibiliko dira.
Perkusioaren aniztasuna
Drum & bassa, funkya, musika elektronikoa eta antzezpena uztartzen ditu Zo-Zongo perkusio taldeak. Euren emanaldiek sekulako indarra dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu