Perretxikoak eta gaztainak zuhaitz beretik lortzeko ikerketa

Zallako frutagintza estazioan onddoekin inokulatutako gaztainondoak landatu dituzte

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Gaztainak eta boletusa —onddo jangarriak—, udazkeneko bi elikagai, eta biak aldi berean eta zuhaitz berberetik lortu ahal izango dira etorkizunean. Bizkaiko Foru Aldundiak Zallan duen frutagintza estazioan martxan jarri dute esperimentu hori. Beraz, oraindik ikerketa prozesuan dagoen aukera bat da, «gauzak ongi bidean, gaztainak eta perretxikoak aldi berean bildu ahal izango ditugu», Juanra Muguruza Aldundiko Nekazaritza zerbitzu buruaren esanetan.

Onddoekin inokulatutako gaztainondoak landatu berri dituzte Zallako frutagintza estazioan, eta, «behin ikerketa ondo joan bada, baserritarrei aukera berri hori eskaini ahal izango diegu». Beraz, era honetako gaztainondoak landatuz gero, nekazariak ekoizpen bikoitza lortuko luke basotik. Eta zuhaitz bakoitzeko, irabaziak ere handiagoak izango lirateke.

70eko hamarkadan egin zen ezaguna sistema hori, eta alde biak elikatzeko balio du. Hau da, sinbiosian oinarrituta dago. Zuhaitzaren hazkundea %30 altuagoa izan daiteke, onddoaren ekoizpena %20an igo litekeen heinean. «Bientzako mesedegarria da, arbolaren sustraiak indartsuagoak bihurtzen baitira, eta onddoak sustraietatik elikatzen».

Euskal Herriko basoetan gaztainondoek historikoki presentzia handia izan dute, baina XX. mende hasieran Ameriketatik gaixotasun bat iritsi zen, eta zuhaitz horiei sekulako kaltea egin zien. Gaztainondoaren tinta esaten diote, eta sistema baskularrari eragiten dio, zuhaitzak lehortzeraino. Era horretan, Euskal Herrian zeuden gaztainadiak desagertuz joan ziren, eta, egun, bakartuak ikusi ohi dira, oro har.

Gaixotasun horri aurre egiteko, Zallako frutagintza estazioan landatu dituzten gaztainondoek tratamendua daukate. Baina ikertu den lekuko eta hemengo baldintza metereologikoak eta lurrarenak ere ezberdinak dira, eta, horregatik, aldez aurretik frogatu egin behar dira. «Duela hamabost urte inguru, esaterako, beste gaztainondo batzuk landatu genituen, gaixotasunaren aurka ustez indartsuak zirenak, baina gurean ez zuten balio izan», Muguruzak oroitzen duenez. Orain sei gaztainondo mota landatu dituzte, eta, ordukoak baino indartsuagoak diren arren, «lehenbiziko lekuan bertan frogatu beharra dauzkagu, ondoren baieztatzeko gure ingurunerako balio dezaketela».

Edozein modutan, Zallan frogak egin arren, horrek ez du zertan esan nahi Euskal Herriko mendi guztietan jartzeko baliagarriak izan daitezkeenik. «Alde batetik besterako bereizgarriak aldatu egin baitaitezke», Muguruzak ohartarazi duenez.

Onddoekin inokulatutako gaztainondoak landatu berri daude. Beraz, zuhaitzek lehen fruituak ematen hasterako, lau edo bost urte igaro beharko direla aurreikusten du Muguruzak; eta lehen onddoak irteten hasterako, beste bi.

Beraz, gaztainondoak gure ingurunerako egokiak diren ala ez jakiteko, oraindik, hamar urte inguru igaro beharko dira. «Urterik urte jarraipen zehatza egingo diegu zuhaitzei, eta ondoren iritsiko dira emaitzak». Beraz, arbol beretik sortuko diren gaztain eta onddoen ekoizpena gurean zabalduko den ala ez jakiteko, urteek igaro beharko dute. Udazken ugari igaroko dira horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.