KOMUNIKAZIOA. Ekografiak

Perrexila saltsan

Jokin Labaien.
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
N ik ez dut audientziei esker jaten; sekula ez ditut begiratu izan. Ongi lan egiten eta jendea entretenitzen saiatzen naiz. Telebistan, entrenitu eta ikusleak mantentzen dituzu, edo aspertu eta beste kate batera joaten dira... Nekea? Alderantziz. Gainera, aldamenean dauzkadan pertsonak edukita, denbora askoan lan egitera behartuta nago. Ondo pasatu, gozatu eta lana sortzen dut».

Ezin zen bestela izan: Karlos Argiñanoren hitzak dira, denboraldi berriari begira, berriki egin dioten elkarrizketa batean. Badirudi zortzi urte egin ditugula atzera denboran. Ni, etxetik irten berri Bilboko lehen ikasle etxerako bidean; hura, berezko duen saltsan.

Berriz ere, berrogei minutuan, erakustaldi antzekoa eman digu. Irribarretsu azaldu da, eta gure gozamena eragin du. Nahiago nuke telebista piztu aldiro halako poz txiki bat sentitu. Saioaren bezperan amarekin izandako elkarrizketa kontatu digu; gure amei eta amonei eskaini die saioa; pisuetan bizi garenoi sukaldean arituz gozatzeko gomendio eman digu; guretzat lehiaketa antolatu du, haren leihora gure errezetak bidaltzeko eskatuz; dantzan aritu da, abestu egin digu, eta, nola ez, txiste txar xamarra kontatu arren bera izan da barre egiten lehena. Hori guztia, minutu gutxian, legatsa saltsa berdean prestatu duen bitartean. Hori guztia, sukaldaritza saio batean.

Datozen saioetarako aldaketa gutxi izango direla nabarmendu duen arren, bat behintzat nabarmena, begien bistakoa da. Pantailaren behealdean, eskuinean, ez da ageri Tele5ren logoa, ezpada Antena 3ena. Izan ere, elkarrizketa hartan, kazetariak gogorazi egin zion zazpi urtean lantoki izan duen etxeak audientzien beherakada aitzakia hartuta eten ziola kontratua. Argi, zuzen erantzun zion: «Gezurra da. Kateak behera egin zuen, Argiñanok ez». Azken denboraldian batez beste izandako 1.805.000 ikusleek babes ukaezina ematen diote. Lanean eta lanerako irabazitako bermea.

Horregatik ageri da, orain ere, irribarretsu. Esango nuke orain ere perrexila jarriko diola aurkezten digun plater bakoitzari, haren arrautzak merkatukoekin konparatuz, kantatuz eta dantza eginez. Orain ere, bat baino gehiago damutu egingo dela joaten utzi izanaz. Erabaki desegokia hartu izanaz. Eta berak txiste txar xamarra kontatuz emango die arrazoia, ondo pasatuz, gozatuz eta lana sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.