Bitarlan informatika eta web zerbitzuak
Pertsona nagusiengan pentsatuta garatutako interfaze grafikoa da Eldy. Software librea da, eta dohainik deskargatu daiteke. Gainera, hainbat sistema eragiletan erabil daiteke. Proba egin nahi izanez gero, helbide honetan deskargatu daiteke: http://www.eldy.eu/download-eldy/. MS Windows XP, MS Windows Vista, MS Windows 7, Mac Os X eta GNU/Linux sistemetan erabiltzeko bertsioak daude.
Proiektuaren webgunea http://www.eldy.eu/ da. Proiektuari buruzko informazioa eta bideo demoak zein beste zehaztapen batzuk ikus daitezke. Webgunea ingelesez eta italieraz besterik ez badago ere, aplikazioa hizkuntza gehiagotan erabil daiteke: gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, italieraz, katalanez... Euskaraz oraindik ez dago.
Irabazi asmorik gabeko elkartea da Eldy, eta haien oinarrizko helburuetariko bat pertsona nagusiak teknologia berrien munduan sartzea da. Proiektuak nazioarteko hainbat sari jaso ditu 2006an Italian jaio zenetik, Venezian, hain zuzen ere.
Instalazioa
Eldy aplikazioa Javan garatuta dago, eta azken bertsioa 2.3 da. Deskargatu eta sisteman instalatzea oso erraza da. Sei urratsetan burutzen da, eta guztiz gidatuta dago. Sei urrats horietan, sistema erabiltzeko behar diren zehaztapen guztiak ematen dira: hizkuntza aukeratzea, izena ematea, posta elektronikoa... Posta elektronikoen kasuan, eldy.org zerbitzarian kontua sortzeko aukera ematen du, eta erabiltzaileak soilik izena eta pasahitza aukeratu behar ditu. Gero, ezarritako pasahitza gogoratzeko irtenbideak ere eskaintzen dizkio Eldyk erabiltzaileari. Instalazioaren amaieran aplikazioak ohartaraziko dio erabiltzaileari ondo instalatu den edo arazoren bat egon den instalazio prozesuan.
Mahaigaina
Behin instalatuta, mahaigainean sei ikono handi baino ez dira agertuko: posta elektronikoa, Internet, profila, solasaldiak, telebista eta baliabideak. Mahaigainaren goialdean, ixteko ikonoa eskuman dago, eta laguntza, ezkerrean. Behealdean, eguna eta ordua agertzen dira.
Eldyren pantaila nagusiak Plaza du izena, eta edozein aplikaziotan sartzen denean, beti agertuko da Plazara itzultzeko aukera.
Posta elektronikoa eta Internet
Aplikazioak modu erraz eta eroso batean erabiltzeko prestatuta daude. Esate baterako, posta elektronikorako aplikazioan sartzean hiru funtzio besterik ez dira agertuko: idatzi, irakurri eta kontaktuak. Posta elektronikoa ez da konfiguratu behar, instalazio prozesuan aukeratzen da erabiltzailea eta pasahitza. Eldyren zerbitzaria erabiliz gero, beraz, horrekin nahikoa da beste ezer egin gabe posta erabili ahal izateko.
Posta aplikazioan sartu behar gabe ere, Plazan, posta elektronikorako ikonoan erakusten da mezu berririk jasoz gero. Idazteko prozesua ere oso erraza da; gaia eta mezua idazteko eremuak daude soilik, eta ez du aukera ematen ezta testua formateatzeko ere. Bigarren urratsean erantsitako dokumentuak, fitxategiak eta bestelako argazkiak eta hartzaileak zehazteko aukera dago.
Posta elektronikoaren kasuan bezala, Interneten nabigatzeko modua ahalik eta errazena izateko pentsatuta dago. Nabigatzailea oso sinplea da, oinarrizko funtzionalitateak besterik ez du. Lupa bat ere eskaintzen du webguneen testuaren tamaina handitzeko behar edo nahi izanez gero.
Bestelako aplikazioak eta Baliabideak
Eldyk bere erabiltzaileen arteko sare bat eskaintzen du. Nork bere profila bete dezake, argazkiarekin, datuekin, gustuekin eta aparteko datuekin. Erabiltzaileak ere azaldu dezake zer egiten ari den edo buruan zer duen une bakoitzean, ohiko sare sozialetan bezala.
Solasaldiak izateko aukera ere eskaintzen du; solasaldi horien kasuan, Eldyk ezagunekiko solasaldiak eta solasaldi gela aukerak bereizten ditu. Bigarren kasuan, edozein erabiltzailerekin hitz egiteko gela irekiak dira.
Eldy TBren kasuan, oraingoz italierazko zerbitzuekin soilik konektatzen da.
Baliabideak atalean aparteko aplikazioak eskaintzen dira: oharrak hartzeko aplikazioa; dokumentuak, argazkiak eta bestelako fitxategiak arakatzeko aplikazioa eta Skypen bidez bideo-deiak egiteko aplikazioa.
Zibergela
Pertsona nagusientzako interfaze grafikoa
Eldy interfaze grafikoak pertsona nagusiak teknologia berrietara biltzea du xede; software libre eta doakoa da, eta MS Windows, Mac OS X eta GNU/Linux sistema eragileetan instala daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu