KOMUNIKAZIOA. Ekografiak

Pertsonaia vs pertsona

Jokin Labaien.
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Argia astekariko azken alean, Sustrai Colinak Marivi Bilbao aktoreari egindako elkarrizketan aurkitu dut honako perla: «Telebista eta zinemaren industria negozio interesatuegia da edertasun hutsean oinarritzeko. Esaterako, beste egunean, auskalo nongo tertulian, Belen Esteban larrutzen ari ziren. Ez zarete konturatzen justu hori egiteko kontratatzen dutela, eta beste guztiak piper bat ardura diola? pentsatzen nuen nire baitan. Noiz ohartuko gara hau guztia dirua egiteko makina bat baizik ez dela eta pertsona horren antzezpenak ahalbideratzen dituela etekinak? Hori etikoa den ala ez besterik da, baina emakume horrek tuntunetik ez du deus, paper bat interpretatzen ari da eta kito». Bilbaoren curriculumari eta ibilbide profesionalari so eginez gero, agerikoa da badakiela zertaz ari den.

Kate guztietan ematen dituzte halakoak. Formatu ugari sortu dituzte bizitza pribatu eta publikoaren muga ikusezinean dantzan ari direnak. Eta gu, ikusleok, dantza horretan galdu egiten gara. Hala diote ikusle datuek. Hala gure mihiek.

Herrian lagun batek hamaika istorio kontatzen du tabernaz taberna dabilen aldiro. Ingurukook barrez lehertzen gara haren bakarrizketak adituta. Luze aritzen da guztion arreta beraganatu duela jakinik. Gustura. Honenak eta harenak kontatzen dizkigu. Baita bereak ere, batzuetan. Trebetasuna du horretarako. Behin, koadrilakoak: «Istorio hori asmatu egin du, gezurretan ari da!». «Niri bost, ikaragarri dibertigarria da», erantzun nion. Kontua da ni poteoan ari nintzela, dibertsio hutsa zen, istorio kontalaria isildu ahala ahazten zitzaizkidan entzundako guztiak.

Ordea, harategian, tabernan, gozoki dendan, ikastetxean, lantegiko kafe makinaren aurrean zein okurritzen zaizkizuen leku guztietan entzun izan ditut egun batetik bestera famatu bilakatu diren horiei buruzko esamesak. Gaur Belen Esteban, bihar beste edozein. Auzokoen istorioen kontakizunek hartzen duten tonu bera hartzen dute hizketaldi horiek. Pasioz, haserrez, amorruz, maitasunez, hurbiltasunez azaltzen ditugu ezagutu ez arren gure bizitzaren parte bihurtu diren/ditugun pertsonaiei buruz. Esanak esan, pertsonaiak baitira pertsonaz harago.

Denok gara konplizeak. Gure laguntzarekin aberasten dira pertsonaia horiek guztiak, eta, batez ere, haien kontratuak sinatzen dituzten handi-mandiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.