Donostiako Parte Zaharra goitik behera ezagutzen zuen, Parte Zaharrak bera ezagutzen zuen moduan. Itsulapikoa, erosketen orga eta xilofonoa lagun, «pezeta bat» eskatzen jarraitzen zuen euroa iritsi zen garaian ere. Txantxillo Donostiara itzuli da; oraingoan, Antigua auzoko Olarain ikastetxe nagusiaren atarira. Duela zazpi urte hil bazen ere, Txantxilloren irudiak askoren buruan dago oraindik ere. Eta burutik bertatik atera ditu Alberto Saavedra Maestro eskultoreak Txantxillo irudikatzeko ildoak: «Oso argazki gutxi daude, eta daudenak txikiegiak dira. Gehiena nik neuk nuen ideian oinarrituta egin dut».
Orain dela lau urte iritsi zen Txantxilloren eskultura egiteko ideia. Olarain ikastetxe nagusikoek eraikinaren aurrealdea apaindu nahi zuten, Donostiako pertsonaiekin: Txantxillo izan zen Saavedrak proposatu zuen izenetako bat. «Horrenbeste denbora bere eskultura egiten pasako nuela jakin izan banu...», dio Txantxilloezagutu ez izanaren penaz. «Ez zen eskale soil bat, bere artea jendeari eskaintzen zion musikaren bitartez; hori oso garrantzitsua da».
Euria eta euria. Besterik ez du ezagutu Txantxillok Donostiara itzuli denetik; jendeak, bere aldetik, gustura hartu du bere presentzia: «Batzuek esango dute 'arropa ez dakit zer kolorekoa zeraman, poltsa ez zen horrelakoa'; ez zen ba 76 urtez berdin jantzita ibiliko!».
Aitaren itxura berbera omen zuen, eta haren ondoan egoten zen txikitan Txantxillo, aitak egunkariak saltzen zituen bitartean. Oso ezaugarri bereziak zituen, erraz antzematekoak: «Ziur jende guztiak gogoratzen duela bere aurpegiera».
Txikia izanagatik ez zen Gros eta Parte Zaharreko kaleetatik oharkabean pasa. Santiago Hernandez Redondo, hori zen bere benetako izena. Eta berak nahiago zuen Santiago deitzea. Santiago edo Txantxillo izan, hamaika adjektibo gehitu dizkiote hura ezagutu zutenek. Javier Maria Sada historialariak beste edozein donostiarrak bezala ezagutu zuen Txantxillo: «Gizajoa», dio; baina ez zentzu txarrean, pertsona lau moduan baizik. Bi edo hiru aldiz idatzi du Sadak Txantxilloren inguruan, Donostiaren historiaren inguruan idatzi dituen liburuetan. «Oso ezaguna zen herritarren artean; aproposa iruditzen zait hura omentzeko eskultura bat egitea». Saavedraren ustetan, berriz, gutxietsia zen batzuetan, baina jendeak maitatua.
Maitatua bai, behintzat. Hala erakusten dute haren omenez egindako zenbait bitxikeriak: bere izena daraman txipiroi errezeta, sare sozialetan Txantxilloren estatuaren aldeko taldeak, Cronica de San Sebastian abestiko bertsoetan aipamenak... Baita dokumental bat ere.
Izaskun Bernedok Txantxilloren inguruko dokumentala ekoitzi zuen. Halabeharrez, hasiera eta amaiera zuen istorio bat: Gurutze Gorrian gaixo zegoela amaitu zuen dokumentala, eta bi hilabetera hil zen Txantxillo. «Txikia, isila, baina saltseroa». Bernedoren hitzetan, konfiantza apur bat hartzen zuenean bere gauzak kontatzen zituen; familiako argazkietako istorioak, txikitako gauzak eta Ondarretako kartzelan egon zeneko abenturak kontatu zizkion.
Dokumentala grabatzen
Urtebete inguru behar izan zuen Bernedok Txantxilloren bizitza kontatzeko. Grabatu, eta egun konkretu batzuk noiz iritsiko zain geratzen zen Bernedo, momentu ezberdinak biltzeko asmoz. Tartean, inauteriak. Asko gustatzen zitzaizkion inauteriak Txantxillori. Fernando bere lagunarekin batera mozorrotu eta karroza batean irteten ziren biak; Fernando zen saltsan sartzen zuena.
Baita dokumentala egiteko Bernedok aurkitu zuen giltza ere: hark lagundu zion dokumentalerako informazioa biltzen, mamia ateratzen. Bernedoren gurasoak Fernandoren etxearen ondoan bizitzeak harremana erraztu zuen.
Lana amaitzerakoan, Txantxillo bera izan zen lana lehenengoz ikusi zuena: «Hunkitu, harritu eta irribarre egin zuen nire lana erakutsi nionean; Donostian protagonista izatea gustuko zuen Txantxillok».
Pezetak ez du oraindik balioa galdu
'Txantxillo' -ren omenezko estatua bat jarri berri dute Donostiako Antigua auzoan. Oso maitatua izan zen hirian, kaleetan ibiltzen zen hara eta hona, xilofonoa joaz eta pezeta bat eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu