Gizakien altuera asko alda daiteke herri batetik bestera, zio patologikoak alde batera utzita (nanotasuna eta gigantismoa). Gizakiak 2,15 metro eta hortik gora ere izan ditzake altueran, eta baita metro eta erdi baino gutxiago ere. Pigmeo helduek ez dute garaiera hori gainditzen, esaterako. Eboluzioaren bide hori nondik nora sortu den misterioa zen zientziarentzat, harik eta Pennsylvaniako Unibertsitateko ikerlari talde batek pigmeoen altuera azaltzen duen geneak aurkitu dituen arte. Zientzialariek diotenez, ugalketarako heldutasun goiztiarrarekin daude loturik gene horiek. Heldutasun sexual hori abantaila handia da pigmeoentzat (ia ezinbestekoa) haien bizi-itxaropena laburra baita oso: 15 eta 24 urte artekoa da soilik.
Mutazio batzuk
Herri afrikar horren altueraren arrazoiak aurkitze aldera, ikerlariek pigmeoen genoma osoaren azterketa egin dute, eta 3. kromosoman jarri dute arreta. DOCK3 eta CISH geneetan hainbat mutazio identifikatu ahal izan dituzte ikerlariek; mutazio horiek hautespen naturalari loturik omen daude.
CISH geneak gaixotasun infekziosoak izateko joerarekin ere badu zerikusia. Pigmeoak klima tropikalean bizi dira, eta parasito ugariren eraginpean, horrenbestez. Erreprodukzio hormonala martxan jartzen duten prozesu biologikoei loturik dago mutazioetako bat. Hor sartzen dira, era berean,immunitate sistema eta haztearen erregulazio hormonala.
«Gene horiek garrantzitsuak dira ugalketan eta metabolismoan», dio Sarah Tishkoff-ek, ikerketaren arduradunak. Lan horren hipotesi nagusia da ugalketarako heldutasun goiztiarrak azaltzen duela pigmeoen altuera txikia.
Pigmeoen altuerari lotutako geneak, identifikatuta
Pigmeoen garaiera txikiaren zergatiak misterioa izan dira orain arte; helduak ez dira metro eta erdi luze
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu