Euskal Herriko txokoak. Markina

Pilotaren unibertsitatea

Pilotagatik ez ezik, eraikinetan gordetako historia aberatsagatik ere bada ezaguna Markina. Karmengo eliza, adibidez, 1808an kuartela izan zen.

Karmeldarren eliza XVII. mendearen bukaerakoa da, barroko estilokoa. BERRIA.
Markina
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Dorreak, jauregiak, monumentuak eta pilotalekua. Horiek dira Markina (Bizkaia) erakargarri egin duten ezaugarriak. Askoren ustez, pilotak egin du Markina famatu. Izan ere, herri kirolek eta pilotak pisu handia hartu dute markinarren bizitzan.

Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin muga egiten du Markinak. Hain zuzen ere, Amoroto, Berriatua, Mallabia, Berriz, Etxebarria, Aulesti eta Ziortza-Bolibarren artean dago. Gipuzkoako markan edo mugan egoteagatik datorkio izena.

Datuen arabera, Mesolito garaiko Kobaua kobakoak dira markinarren aurreneko aztarnak. Hala ere, erromatar garaia arte ez da informazio gehiago agertu. Markinako hiribildua 1355ean sortu zen, Tello infantearen, Bizkaiko Jaunen eta Gaztelako Alfontso XI.aren semearen adostasunez Markinako Villaviciosa hiribildua sortu zutenean.

Hamaika auzotan, hamaika eraikin esanguratsu ditu. Horien artean daude Atxondo auzoko Axpeko leizea zein jatorrizko dorrearen aztarnak mantentzen dituen Torrezar. Markinako baserri, eliza eta dorretxeak historiaren liburutegi dira. Urberuaga auzoan, esaterako, dorretxea eta bainuetxea egon ziren, gaur egun erabat hondatuta dauden arren. Herria babesteko, Erdi Aroan harresia eraiki zuten.

Kuartela, komentu

Karmengo eliza eta komentua da bisitatu beharreko lekuetako bat. 1694an sortu zuten, baina 1808an gudaroste frantziarren kuarteletxe izan zelako da ezagun.

1937an, gerrako bonbardaketek bete-betean harrapatu zuten Markina.

Donejakue bidearen zati ere bada herri bizkaitarra. Besteak beste, Bidarte, Antxia, Ibarra, Ugarte eta Barroeta dorreak dira bisita daitezkeen lekuetako batzuk. Hilerria ere berezia da. Ilustrazio garaian hilerriak elizetatik kanpo ateratzea erabaki zuten, eta Xemeingoa da Euskal Herrian eredu berritzaile horri jarraikiz eraiki zen lehena.

Udaletxeak ere badu garrantzirik. Izan ere, udaletxea izateaz gain, alondegia, denda eta etxebizitza da. Udaletxeari buruzko lehenengo datuak 1514koak dira. Atarian, Oiz mendiko hareharrizko zortzi zutabe barroko ditu.

Historiak ez ezik, pertsona ezagunek ere eman diote ospea herriari. Bertakoa da, esaterako, Juan Antonio Mogel (1745-1804) Peru Abarka literatur lanaren egilea. Haatik, haren omenezko eskultura bat dago Patrokua jauregian, Mogel idazmakinan irudikatzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.