Aurten Aste Nagusirik ospatuko ez den arren, Donostiako Piratek ohiko festen «alternatiba bat» antolatu dute: Pirata setioa. Abuztuaren 10ean ospatuko dute, Trinitate plazan. «Festa giro masiboa» bultzatzeko asmorik gabe, kaleak hartzeko asmoa adierazi dute, «kontsumo eredutik haratago doan eskaintzarekin». Horretarako, egun osoko egitaraua antolatu dute. Era berean, Donostiako Udalak eurekin izaniko jarrera kritikatu dute.
Trinitate plaza aukeratu izanaren arrazoia, berriz, piraten mugimenduaren hasierari erreferentzia egitea da, han ezarri baitzen lehen aldiz La Flamenka karpa, 2004an. Hala, hasieratik mugimenduarekin bat egin zutenak omendu nahi dituzte. Aurten, beraz, mugimenduaren sorreran «horren garrantzitsu izan ziren tabernariak» izango dira Matti, hiriko komertzio txikien izenean. Mugimenduaren balioekin bat egiten duten eragile eta elkarteek ordezkatu ohi dute pertsonaia hori.
Eguneko egitaraua eguerdian abiatuko dute, 12:00etan, haurrentzako ikuskizun batekin. 16:30ean, berriz, musika emanaldi bat egingo dute, eta, 19:00etan, bertso musikatuak. Eguna amaitzeko, Izan Pirata dokumentala emango dute, 22:00etan. Antolatzaileek jakinarazi dute ekitaldi guztietan beharrezko segurtasun neurriak beteko dituztela: «Beharrezkoa izango da maskara une oro jantzita eramatea, sarreran gel hidroalkoholikoa jarriko dugu eta eserlekuak aldez aurretik egongo dira antolatuta, segurtasun distantzia mantenduz». Hala, edukiera mugatua izango da, eta bertaratu nahi dutenek aurrez eskuratu beharko dituzte horretarako txartela, euren webgunean edo Pandora, Platero, Zulo Zahar eta Belfast tabernetan. Sarrerak doakoak izango dira, baina, egoera kontuan izanik, «borondatea» emateko aukera egongo da.
Donostiako Udalaren jarrera gaitzetsi du mugimenduak, Aste Nagusia bertan behera uzteko erabakia hartzeko orduan haien iritzirik «entzun nahi ez» izateagatik, eta udan zehar eginiko proposamenei jarritako «oztopoengatik». Horrez gain, Udalak abuzturako antolatutako egitaraua ere kritikatu dute, eta gogoratu udalak jai batzordeei adierazi ziela ez dela «inolako azpiegiturarik emango» bide publikoan jarduerak egiteko, ezta halakorik baimenduko ere.
Horregatik guztiagatik, larunbaterako iragarritako manifestaziora biltzeko deia ere egin dute piratek. Hiriko jai batzordeek eginiko deialdia da, «jai herrikoiak aldarrikatu eta defendatzeko». 12:00etan abiatuko da, Kristinaenea parkearen Egiako sarreratik.
Egun bakarreko egitaraua izango dugu abuztuaren 10ean. Jakina, ekintza horietan guztietan segurtasun neurriak beteko dira. Beharrezkoa izango da maskara uneoro jantzita eramatea, sarreran gel hidroalkoholikoa jarriko dugu eta eserlekuak aldez aurretik egongo dira antolatuta. pic.twitter.com/TN60EhTYpm
— Donostiako Piratak (@izanpirata) August 5, 2020