Eguraldia ez da oztopoa piratentzat. Kuadrillen arteko jolasak egin zituzten atzo La Flamenkan, eta kaia kolore guztietako bandera eta elastikoek bete zuten. Zerua goibel zegoen, tarteka euria ere egin zuen, baina jai giroa nagusi zen bertan.
Jokoen aurretik, euren kamisetari azken ukituak ematen zebilen kuadrilla bat; beste batzuek, berriz, gogotsu begiratzen zuten karparen erdialdera, antolatzaileak baitzebiltzan jokoak prestatzen. Maddi zen haietako bat, eta, adierazi zuenez, iaz baino jende gehiago bildu da aurtengo jokoetan: «70 taldek eman dute izena, eta, gure kalkuluen arabera, mila lagun inguru etorri dira guztira». Eguraldi txarrak ez zituen piratak kikildu, eta La Flamenka hartu zuten bandera ugarietako batek hala erakusten zuen: Abordaia ez da Kontxan amaitzen.
Margo beltzez eginiko partxe inprobisatuak, Karibeko Piratak pelikulan bezala loroa sorbaldan zeramatzatenak, taldeen altxor eta identitate ikur bihurtutako banderak... Ez zitzaien ezer falta Donostiako piratei.
Sartzak da Beñat Urteagaren taldearen izena. Ingeniariak dituzte kuadrillan, eta eurek egindako kanoi bat daukate. Artilleroren doinuak abestuz, diskrezioz ibili ziren bihurrikeriatan: urez betetako globoak, patata frijituak eta otutzen zitzaien edozer hodian sartu, eta kanoikadak botatzen aritu ziren. «Iaz abordatzerako ontzia egiteko egur bila joan ginenean, hodia eta karroa aurkitu genituen, eta horrela sortu zen», dio Urteagak.
Antolatzaileek karparen erdigunea hustea lortzearekin bat, lokotxen jokoarekin hasi ziren kuadrillen arteko jolasak. Modu tradizionalean jolasten direnei aldaketaren bat egin zieten, hala ere. Lokotxen ordez, patxaranez betetako zortzi edalontzi zeuden lerro bakoitzean. Hala, parte hartzaileek edalontzikoa edan, eta basoa hasierako puntura eraman behar zuten. Azkenean, edalontzi guztiak hustutakoan, haiek hartu eta karparen erdira joan behar zuten taldekideek irrintzia botatzera.
Joko gehiago ere izan ziren gero. Horietako bat giza piramidea izan zen: piramidearen puntan zegoen partaideak behetik botatzen zizkioten arrautzak jaso behar zituen. 20:00etan oraindik ere jolasean zebiltzan piratak kaian. Azken jokoari ekiteko prest zeuden, hala ere. Taldekide guztiek arropak kendu eta lotu egin behar zituzten, linbo baten modura, eta azpitik pasa behar zuten partaideek. Aste Nagusi erdia pasatu da jada, eta jendez betetzen ari da gau eta egun La Flamenka gunea.
Donostiako Aste Nagusia
Piratak, abordatzea luzatzen
Kuadrillen arteko jolasak egin dituzte Donostiako piratek, eta euria egin badu ere, jai giroa nagusitu da La FlamenkanKolore eta banderez bete da kaia: 70 kuadrillak parte hartu dute jokoetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu