Auzolana eredu denon aste nagusian lelopean, bederatzi urtean lanean aritu diren pirata guztiak omendu nahi dituzte Donostiako Piratek aurtengo jaietan. Bide batez, auzolana eta batzarra kontzeptuak sakontzeko eta garatzeko helburua dute, herritarren parte hartzea bultzatzeko bidean; hala esan dute euren egitarauaren aurkezpenean.
Egitarauaren inguruko xehetasunak azaldu aurretik, Donostiako udal gobernu berriariari eskerrak eman dizkiote, hainbat urtetan merezi dituzten leku eta azpiegitura duinak eskatu ostean aurten eskuratu baitituzte lehen aldiz. «Azkenean lortu dugu kaian aingurak botatzea. Irrikaz gaude gune berri honetan lehorreratu eta pirata guztiak jai herrikoietan murgiltzeko», esan dute. «Piraten gune naturala kaia dela uste dugu». Jaia filosofia herritarrago eta parte hartzaileago batean ulertzen duten donostiarrek bere tokia izatea oso garrantzitsua iruditzen zaie.
Egitaraua osatzeko ekitaldiekin lagundu izana ere eskertu diote udal gobernu berriari. «Udal berriari gure eskua luzatu diogu Aste Nagusian elkarlanean aritzeko».
Iazko egitarauak izan zuen harrera ona oso lagungarri izan dute aurtengoa osatzeko. Bederatzi egun irauten du Aste Nagusiak, eta gustu eta adin guztietarako ekitaldiak egongo direla adierazi dute, eta bereziki parte hartzailea, euskalduna eta parekidea izatea espero dutela.
Abordatzea Gazteen Egunean
Abuztuaren 13an emango diote hasiera piratek Aste Nagusiari, larunbatarekin. Txarangaz lagundutako poteoaren ostean, Ezkila kapitain pirata iritsiko da La Flamenkara (kaia). Orduan, txupinazoa botako dute. Antolakuntzak hurbiltzen den oro pirataz janzteko gonbita egin du.
Abuztuaren 15a izango da piratentzat egun garrantzitsuena, abordatzearena. 08:00etatik hasita, kuadrilla bakoitzak bere txalupa sortu beharko du, ordu eta erdiko tartean. Behin kuadrilla guztiek txalupa sortuta, bazkaria egingo dute, eta 17:00etan abordatzeari ekingo diote. Kaiatik irten eta Kontxako hondartzaraino iristea da helburua. Gauza erraza dirudi, baina batek daki bidetik suertatutako ezusteek ekar dezaketena. Parte hartzeko aldezaurretik izena eman behar da [email protected] helbidean, taldearen izena eta pertsona kopurua adieraziz.
Antolakuntzak material toxikorik ez erabiltzeko eskaera egin du. Kontxako hondartzara iritsitakoan txalupak desmontatze gunera eramateak duen garrantzia azpimarratu dute.
Jaiak. Donostiako Aste Nagusia
Piratek kaian bota dute aingura «azkenean»
Kaia festarako gune izango dute Donostiako Piratek, eta, horregatik, eskerrak eman dizkiote udal gobernu berriariAbordatzea izango da piraten programako ekitaldi jendetsu eta ikusgarriena aurten ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu