Umorea eta musika izango dira Gabon gauean telebista kateetako saio berezien osagaiak. Honatx katez kate gaur gauean ikusi ahal izango diren programak:
Hamaika
Eguberriko mezu alternatiboa ikusi ahal izango da Hamaikan, 21:00etatik aurrera. Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek emango dute, Olentzereroren laguntzarekin. Urtearen errepasoa egingo dute, eta haiekin Pupu eta Lore ere egongo dira. «Lehenik, gehien behar dutenekin akordatuko gara. Izan ere, gehienok maite ditugunon ondoan afalduko dugu, etxean. Beste askok, ordea, ezin izango dute gure antzera goxo-goxo afaldu eta turroia jan», aurreratu du Porrotxek. Horrekin batera, lanik gabe geratu direnak, pausoz pauso bidea egiten ari den euskal gazteria, ama eta emakume guztiak eta euskaraz lanean ari diren lagunak gogoratuko dituzte. Gabon mezuaren ostean, Bilboko Abusu ikastolako lagunek egindako lip duba ikusteko aukera izango da. Horrez gain, Abusu auzotik kantuan ibiliko dira Olentzero, Mari Domingi eta ikasle guztiekin. Gabon gaueko saioan, gainera, Xabier Leteri egindako elkarrizketa bat ere berreskuratuko dute.
ETB1
Estitxu Fernandezek eta Xabier Euzkitzek aurkeztuko dute aurten Euskal kantuen gaua (23:20). Kantuan honako hauek ariko dira: Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak, Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariak, 80 egunean filmeko Itziar Aizpuru eta Mariasun Pagoaga, Izarren argia-ko Itziar Lazkano, Mikel Rueda, Patxi Santamaria eta Itziar Ituño. Odei Torres Mister Gipuzkoa eta Mario Plagaro Mister Nafarroa ere kantuan ariko dira, baita hainbat emakume kirolari ere. EITBko saioetako aurkezle eta kazetariak ere azalduko dira.
ETB2
Umorezko programa berezia emango dute gaur 22:00etan: TDT esto TDT. Vaya semanita-ko lehen garaiko aktoreek parte hartuko dute: Nerea Garmendia, Maribel Salas, Alejandro Tejeria, Gorka Otxoa, Santi Ugalde eta Oscar Terolek. Haiekin batera, Asier Hormazak eta Javier Merinok parte hartuko dute esketxetan. Ondoren, Vaya semanita berezia eskainiko dute, azken urteetako esketx onenekin.
La1
Cuéntame como pasó telesailaren atal berezia emango dute. Jarraian, Raphael kantariak gidatutako urteroko programa.
Antena3
Txisteek beteko dute gaua El club del chiste-n. Lola Herrerak 1954ko Gabon gaua antzeztuko du.
Cuatro
Callejeros saioko erreportajeekin osatuko dute Gabon gaua, 22:20ean.
Tele5
Umorea izango da jaun eta jabe La noche en Paz saioan, Paz Padilla eta Joaquin Praten eskutik.
La Sexta
Navy: Investigación criminal telesailaren hiru atal emango dituzte, 21:30etik gauerdira.
TF1
Victoria Silvstedtek Le Grand Bêtisier de Noël umore saioa aurkeztuko du, 22:55etik aurrera.
France2
Izarrez beteko dute platoa La télé est à vous saioan, 20:35ean. Ondoren, Jean Rocheforten eskutik, umorea nagusituko da Dr. Tom ou la liberté en cavale programan.
France3
Etxeko txikientzat Ludo Noël saioa prestatu dute. Animaziozko hainbat pieza izango dira (20:35).
Arte
31. Nazioarteko Biharko Zirkuaren Jaialdia ikusi ahal izango da, 20:40etik 22:00etara.
Pirritxek, Porrotxek eta Olentzerok emango dute gabon mezua Hamaikan
Abusu ikastolan egindako lip duba eta Xabier Leteren elkarrizketa bat ere izango dira Hamaikan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu