Planto eguna ekitaldiz beteko dute konpartsek

Ekitaldien berri Bilboko Aste Nagusia hastearekin batera emango dute, baina «ikusgarria» izango dela aurreratu duteGainerako egunetarako, 300 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte, denak doan

Bilboko Konpartsen ordezkariak, prentsaurrekoan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Bilboko Konpartsek Aste Nagusiari begira antolatu duten egitarauaren berri eman zuten atzo, txosnak muntatzen hasi ziren egun berean. Urtero legez, ehunka ekitaldi antolatuko dituzte abuztuaren 20 eta 28 artean, eta, iaz ez bezala, planto egunean ere ekitaldiak egingo dituzte. «Planto egunean, ez dugu joan den urtean bezala txosnak itxi eta udaletxeko eskaileretan prentsarreko bat emango besterik gabe. Egun hori edukiz beteko dugu aurten», adierazi du Gari Goikoetxea Bilboko Konpartsetako ordezkariak. Ekitaldiak egingo dituztela esan dute, baina ez dute eduki horien berri eman nahi izan. Horretarako, Aste Nagusia hasi arte itxaron beharko da, orduan aurkeztuko baitituzte planto egunerako proposamenak. Aurreratu dutenaren arabera, ordea, «desafio bat» egingo dute. «Eta, planto egunaren aurkezpenean esan genuen bezala, jendeak espero ez dituen gauzak egingo ditugu», esan duGoikoetxeak.

Uztailaren hasieran eman zuten prentsaurrekoan, Bilboko Konpartsek adierazi zuten «lotsaren korridore» bat egingo zutela eta txosnetan urte hauetan guztietan izan dituzten arazoen inguruko erakusketa bat ere jarriko zutela. Horretaz gain, «konpartsetako kideen lehen harrotasun eguna» ere izango da aurtengo planto egunean. Planto egun hori iaz egin zuten lehenbizikoz, Aste Nagusiko asteazkenean, udalak Kaskagorri eta Txoribarrote konpartsei presoen argazkiak jartzeagatik txosnak jartzeko debekuari erantzuteko. Aurten ere, bi konpartsok ez dute txosnarik edukiko, nahiz eta egitarauan parte hartuko duten. Planto eguna aurten ere asteazkena izango da.

300 ekitalditik gora

Planto eguneko ekitaldiak zehaztu ez badituzte ere, gainerako egunetarako prestatu dituztenen berri eman zuten atzo. «Bederatzi egun dituen munduko aste bakarrean», 300 ekitalditik gora antolatuko dituzte 28 konpartsaren artean, denak ere dohainik. Horien artean, berrikuntza bat baino gehiago egon baldin bada ere, hiru ekitaldi berri azpimarratu zituzten Bilboko Konpartsetako ordezkariek.

Aste Nagusiko astelehenean, Warhammer Fantasy txapelketan eta Magic The Gathering karta jokoan aritzeko aukera emango dute lehendabizikoz. Estrategian oinarritzen den rol joko bat da lehenengoa, eta karta joko bat bigarrena. Bi berrikuntza horiez gain, lehen aldiz skate eskola eta lehiaketa jarriko dute igandean, kirol hau hiritarrengana inguratzeko asmoarekin.

Horiez gain, lehiaketa gastronomikoak eta hiri krosa ondo sustraituta daude egitarauan, eta parte-hartzaile asko biltzea espero dute. Sukaldaritza probak jaietako asteartean hasiko dira, eta azken egunean amaituko dira. Joan den urtean 650 plater aurkeztu zituzten lehiaketetan, eta aurten ere marka horretara heltzea espero dute konpartsetako kideek. Hainbat lehiaketa izango dira aurten ere, hala nola Euskal Herriko lehen patata tortilla lehiaketa, bizkaitar erara egindako bakailaoarena, pil-pilean egindakoarena, Euskal Herriko 34. marmitako lehiaketa eta buztan gisatuarena. Areatzara joaten den orok, gainera, mokadutxo bat egiteko aukera izango du egunero.

XV. Hiri Krosari dagokionez, lasterketako 1.500 zenbakiak banatuta daude dagoeneko. Beraz, parte-hartzea bermatuta dago. «Lasterketa jende gehiagorentzat antolatu nahiko bagenu ere, ezingo genuke, jaietan ibiltzen den jende kopurua dela eta». Hiru kategoria izango dira korrikaldian: haurrena, elbarrituena eta helduena.

Egitaraua beste hainbat ekitaldirekin osatuko dute: mus eta xake txapelketa, txalaparta eta baratze ekologikoen ikastaroak, ardo dastatzea, igelaren jokoa, psiko block erako eskalada... Aurten ere Aste Nagusietarako parte hartzeko moduko egitarau koloretsua antolatu duten erakusle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.