Platihelminteen inbasioa, Asiatik baratzeetara

Asia aldeko zizare ezezagunak agertu ziren baratzeetan duela bi hamarkada, baina berriki arte ezezaguna zen fenomenoa. PeerJ aldizkari zientifikoan agertu artikulu batek ezagutarazi zituen platihelminteen familiako zizareak eta haien arriskuak.

'Iparraldeko Hitza'
2018ko uztailaren 10a
09:57
Entzun

Asiako liztorra gutxiago aipatzen hasiak zirelarik, hedabideetara Asia partetik etorri beste kabala baten aipamena iritsi da, herrestaka. Azken hogei urteetan bederen plantatua litzateke —euskal lurraldeetan kantitate handian—, baina berriki piztu du alerta Parisko Historia Naturalaren Museoko Jean-Lou Justine zoologoak beste zientzialari batzuekin PeerJ aldizkari zientifikoan argitaratu artikulu batek. "Berriki hasi gara aipatzen, ikerketa berriki hasi delako", laburbildu du Parisko adituak.

Museoaren eremua Frantziako mugetara mugatzen da, baina Lapurdin ikusi zizare andanak pentsaraz lezake ez dela soilik Bidasoaren alde batean atzematen. Mundializazioaren ondorioz, zientzialari anitzen erranetan, fauna edo florako espezie geroz eta gehiago haien eremu naturaletik ateratzen ditu gizakiak. Platihelminteek —Asiako lurralde beroetan, Australian edo Ginea Berrian bizi diren zizareak— "errazki bidaiatzen dute loreontzietan", Justinek dioenaz. Loreontziak eta lurra, berriz, milaka eta tonaka iristen dira gune batetik bestera.

Ikertzen hasi direnerako, zizare horiek anitz dira Frantziako lurraldean. Zazpi espezie zenbatu dituzte, eta, kopuruz, Pirinio Atlantikoetako departamenduan dira "ikusi direnen erdiak baino gehiago", zientifikoak kontatu duenaz; beraz, andana bat Ipar Euskal Herrian dira. Beldurrezko film baterako balio luke zizare horien ugalketa sistemak, "zinez berezia" baita zientzialariak berak dioenaz: "Espezie batzuek ez dute ugalketa sexudunik. Banako batek ugalketa ziurta lezake; 30 bat zentimetro neurtzen dituelarik, gibeleko partean bizpahiru zentimetroko parte bat askatzen da. Zatitxo horretan buru bat agertzen da, eta egun batzuetan zizare oso bat bilakatzen da". Inbasiorako ugalketa ezin hobea, beraz.

Platihelminte lurtarrak bereziak dira, bestalde, itxura aldetik. "Beste deusen idurikoak" direlako —arrotzak diren lurraldeetan bederen—, eta bereziak ere handiak direlako: 30 edo 40 zentimetroko luzerara heltzen ahal dira helduak direlarik. Forma desberdinekoak dira espezieak, baina denak biodibertsitatearen kaltean izan daitezkeela uste da, orain arte bildu informazioaren arabera. Familia horretako espezie bat, gainera, munduko ehun espezie inbaditzaile lanjerosenen artean sailkatu da.

Irakurri erreportajea osorik Iparraldeko Hitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.