PLAZA. BIZIA. Denborarik ez duten sukaldarientzat

Bazkaria edo afaria prestatzeko denborarik ez dutela diotenentzat idatzi du Xabier Gutierrez sukaldariak '30 menús para cocinar en 30 minutos' liburua. «Errezeta azkarrak, errazak eta osasungarriak dira».

Donostia
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Jaten duguna gara, baina ez omen dugu denborarik behar bezala jateko, edo jaten dugun hori prestatzeko. Eguneroko bizimoduak eragindako denbora falta horri erantzuteko asmoz kaleratu du Xabier Gutierrez sukaldariak 30 menús para cocinar en 30 minutos liburua. Izenburuak biltzen duenez, ordu erdian prestatzeko moduko 30 menu dira; plater errazak, edozein dendatan eros daitezkeen osagai eta jakiekin prestatuak, eta egungo gizartearen erritmo biziak itotako edonork prestatzeko aproposak. Janari azkarramodu egoki eta osasungarrian jan daitekeela ohartarazi nahi du Gutierrezek. Ezinezkoa dirudien arren, ordu erdi hartzea nahikoa izan daiteke horretarako.

Liburuan bildu dituen menu gehienak hiru platerekoak dira, baina, osagaien arabera, bakarrekoak ere badira. «Liburua jolasa izan dadin idatzi dut; liburu praktikoa da, erabilgarria, baina jolaserako modua ere bada. Inork ez dezala pentsa panazea denik», idatzi du sukaldariak liburuaren sarreran. Proposamen bereziak dira bildu dituenetako batzuk: ilarrak sardinekin nahastuta, haragi xerrazko ogitartekoa, mangoa plantxan, Burgosko odolkiarekin nahastutako aza eta txokolatearekin bustitako platanoa, besteak beste. «Goiz osoa sukaldean pasatu beharrik ez dago horiek prestatzeko».

Liburuan bildu dituenak egiteko modukoak direla erakusteko, menuetako bat prestatu zuen Gutierrezek, atzo, Donostiako Sansustene elkartean: gazpatxoaren tankerako entsalada hotza, hasteko; entrekota plantxan tipuletarekin, bigarren plater gisa; eta berehalako torrija, azkenbururako. Ordu erdian presta al daiteke? Sukaldean sartu zen Gutierrez, eta kronometroa abian jarri zuten prestaketa bertatik bertara jarraitu zuten lekukoek.

Labana garbitu eta tomatea zati txikitan mozten hasi zen. «Behar bezala antolatzea da kontua. Lehen platererako saltsa berotzen ari den bitartean, azken buruan jango duguna presta dezakegu; edo espagetiak egosten jarri ahala, perretxikoak edo beste edozer prestatzen has gaitezke», zioen tomatea, tipula eta baratxuria txikitu bitartean. Osagai guztiak nahasi bitartean, esnea jarri zuen berotzen. Entrekota eta tipuletak atera, ogia xigortu, zikindutako tresna guztiak garbitu... Hiru platerak mahai gainean jarri zituenerako 28 minutu pasatxoan zen erlojua. «Bi minutu soberan, siesta egin nahi duenarentzat».

Azalpenak, minutuz minutu

Prestatutako menuaren eta gainerakoen azalpen zehatza dakar liburuak. Behar diren osagaiak, platerak une berean eta ordu erdiko tartean prestatzeko minutuz minutuko kontaketa eta azalpena. «Modu osasungarrian prestatzen saiatu naiz: plantxan egindakoak dira asko, egosaldi laburrekoak gehienak. Hori bai, asteburuan denbora gehiago hartu eta beste modu bateko sukaldea landu behar litzateke», ohartarazi zuen.

Arzak jatetxean lan egiten du Xabier Gutierrezek, eta jatetxeko laborategiko zuzendaria da. Gastronomiari lotutako dozenatik gora liburu idatzi ditu, eta guztien artetik Recetas sencillas para novatos y cocinillas liburua du arrakastatsuena; 40.000 aletik gora saldu ditu dagoeneko.



Liburuaren fitxa

Izenburua. '30 menús para cocinar en 30 minutos'.

Egilea. Xabier Gutierrez.

Argitaletxea. Everest.

Orrialdeak. 132.

Prezioa. 19,95 euro.





Ogia 80 modutan prestatzeko liburua aurkeztu du Dan Lepardek, Donostian

Gozogintzaren alorrean, erreferentzia nagusietakoa da Europan Dan Lepard. The Handmade Loaf liburuan bildu zituen ogia artisau eran egiteko aholku eta argibideak. Europan zehar bidaiatu zuen, eta hainbat herrialdetan ogia egiteko erabiltzen dituzten teknika eta moduekin 80 errezeta bildu zituen liburu hartan. Irlandatik Ukrainara eta Alemaniatik Frantziara, elikagai ezinbestekoaren berri bildu zuen Lepardek. Liburuaren gaztelaniazko bertsioa aurkeztu zuten atzo, Donostian: Hecho a mano. Iban Yarza okinak itzuli du liburua hizkuntza horretara, eta 24 euroren trukean jarriko dute salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.