Norbera lasai eta patxadatsu ibili arren presa eta azkartasuna kutsatzen ditu inguruak. Bilboko Kale Nagusian agertu orduko pausoen erritmoa bizkortzen da beti, gutxi bada ere. Batez ere goiz partean. Gainontzekoen martxa jarraitu behar dela dirudi. Oharkabean gertatzen den zerbait da. Herri guztietako kale nagusiek aparteko mugimendua izaten dute. Euskal Herriko hiri handi eta jendetsuenekoak, are gehiago.
Arratsaldeko ordu bata dela iragarri du aurrezki kutxa ezagun bateko erlojuaren kanpaiak. Horixe izaten da jende gehien ibiltzen den uneetako bat. Abandoko metro geltokiko irteeratik jendea erruz dator lurpetik gora. Batzuk taldeka datoz, besteak banaka. Behin Kale Nagusira agertuta, askorentzat banatzeko garaia iristen da, nork bere bidea hartu behar duelako.
Biltegi handi batzuek han ondoan dute zazpi solairutako saltokia. «Segundo bat baduzu, mesedez», galdetzen diote paretik igarotzen den edonori Gurutze Gorriko kamiseta duten gazteek. Elkartearen finantzaketan lagunduko duten boluntario bila dabiltza. «Barkatu, presaz nabil», erantzuten diete batzuek. «Ez, ez dut astirik», besteek. Gutxi geratzen dira haiek esan nahi dietena entzutera. Errepidea zeharkatuta, doako argitalpen bat eskaintzen dute borondate truke. Banatzaileari ere kasu gutxi egiten diote. Asko jota, ezetz esaten diote buruarekin. Denda erraldoitik jendetza irteten da, poltsaz beteta, eta lanak dituzte kalean batera eta bestera dabiltzanekin tupust ez egiteko.
Zer erosi badute oraindik ere. Arropa denda ezagunen frankiziak inguruan daude, eta atzerriko diseinatzaileen sormena kalean gora igota erosi ahal izango dute. Ordaintzeko arazorik ez badute, bederen. Hala, janzkera eta gustu askotako jendeak egiten du bat Bilboko kalerik garrantzitsuenean.
Banketxe eta aseguru etxeek ere hemen dituzte egoitzak. Eraikinetan bulegoak dira etxebizitzak baino ugariago. Kale honetan dituzte euren egoitzak, gainera, erakunde publiko eta administrazioek. Hala, trajedun eta exekutibo ugariren topagune izaten da egunero. Bazkalorduan erosketak egiten ari direnekin egiten dute bat. «Ikasketa buruak deitu dit, eta gurekin bildu nahi duela dio». Dotore jantzita eta larruzko maleta eskuetan daraman emakume baten hitzak dira. Telefonotik hizketan doa, seguruena bere seme-alaben aitarekin. Ozen egiten du berba, ingurukoek entzuteko moduan. Kaleko astrapala dela eta, nekez entzun dezake beste aldekoak esan gura diona.
Lasaitasuna eragozpen
Liburu dendatik irten berri, erosi duen liburuari begiratua ematen ari zaio gizonezko bat. Hortik gertuko geltokitik joatekotan dagoen autobusa hartu nahi duten hiru gazte datoz korrika. Haien atzetik adineko emakume bat, ahalik eta azkarren hori ere. Gazteetako batek bete-betean harrapatu du esku artekoak lelotuta daukan liburuzalea. Lurrean bukatu dute biek.
Laneguna izan arren, turista galdurik ere badabil Bilbon. Planoan non dauden aurkitu ezinik dabil taldeko gizonezko bakarra. Emakume batek handik igaro den bati argazkia ateratzeko eskatu dio frantsesez, Foru jauregia atzean dutela. Edo ez die ulertu, edo ez du astirik. «Sentitzen dut», esan die beso keinuz, eta aurrera jarraitu du. Zaila da Kale Nagusiko joan-etorri azkarra etetea.
PLAZA GIRO. Gora eta behera, azkar
Euskal Herriko kalerik jendetsuena da Bilboko Kale Nagusia. Hiriburuko erosketa eremu garrantzitsuena eta negozio gunea ere bada, aldi berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu