Maratila

Plazan

Aurelia Arkotxa.
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Joan den ostiral arratsaldea. Korsikako irla. Itsasoz eta zeru azulez inguratua. Okrezko eta arrosazko Bastia hiria. Aroa bero, airea urreztatua. Ja udazkenean sartzekotan gaude. Portuan, Livornora joanen den Ferry horizuria amarratua kaian. Larunbatean, Linguimondi ekitaldiak. Gauaz epelegiten du. Banoa lagunekin Merkatuko Plazatik San Nikolas Plazaraino promenadan, paseoan. San Nikolas Plaza : palmera luzeen lerrokada… kioskoa. Bi estatuak, Bonaparte-rena, eta urrunago Amasemeak errepresentatzen dituena. Amak hastapenean bere semea Pasquale Paoliri, korsikar aberriaren aitari, eskaintzen ziola erraten didate lagunek eta gero sinboloa okertu duela Frantziako Estatuak. Orain amak Frantziari baitio eskaintzen bere semea harrian idatzia den arabera. Solasek segi : «Bonaparte korsikarrok gureganatu behar dugu gaurregun. Diskurtso zaharkituen abandonatzeko tenorea da. Italia ere (edo Italiak) ez d(it)ugu Korsikarrok baztertu behar 1970 urteetan egiten zen gisan…». Paristarren mespretxua aipatzen dute ere. Karta postaletan kurri dabilan semiologiari behatzen bazaio egia da: astoak, zerriak, lukainkak… Korsikarren metaforatzat. Plazan, kantariak, korsikarraketa euskaldunak Krinolinak taldea «Urepeleko Artzaina» kantatzen. Izartegia oskarbi. Igande goizean, Korsikako Lurralde Komunitateko arduradun batek aldarrikatzen frantses Estatuari «korsikar hizkuntzaren ofizialtasuna» eskatu behar zaiola. «Ofizialtasuna», ez gure Iparraldeko lurretan entzuten den «hizkuntzaren estatutu berri bat». Astelehen goiza. Eguzki sortzea portuan. Itsasargi gorrizuria. Livornora doan Ferryak ahoa irekitzen ari tiburoia balitz bezala. Hesten du. Aingurak biltzen dituzte marinelek. Itzultzen da ontzia itsas zabalari buruz. Eta itzaltzen da horizontean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.