Komunikazioa. Ekografiak

Plazera

Jokin Labaien.
2011ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Imajinatzen ditut hainbat eta hainbat bulego. Horietan, sortzaileak, kafe kikara hutsen parean, orri eta arbela zuriak zirriborratuz, etengabe, soluzio magikoen bila. Bada denbora bat erretzea debekatu dietela, eta, hala ere, giroa itogarria suertatzen zaie. Goitik datorkie estuasun hori. Nagusiek produktu arrakastatsua behar baitute telebistak duen egoera desegonkorrean burua altxatu eta emaitza onak eskuratzeko. Azkar, eraginkor, nabarmen emaitzak emango dituen zer edo zer asmatu beharraren beharrez egiten dute lan. Zerbait berritzailea, ikusi gabea eskatu zaie, halakorik existituko balitz bezala. Eta, gainera, merkea behar du izan. Errentagarritasunak agintzen baitu telebistaren munduan. Posible ez bada, hartu gurean berria eta kanpoan arrakastatsua den formatua eta eraldatu testuingurura, iradokiko diete. Sortu, garatu eta pantailaratuko dituzte hamaika ekoizpen. Gehienak putzu sakonen batean amaituko dute, gutxi batzuek arrakasta lortzen duten bitartean. Eta hala segiko dute asmatu beharraren asmatu beharrean, garunak estutu eta produktu artifizial baina natural itxurakoaren bila.

Batzutan, buruarin samarra naizela —lehen pertsonaren plurala sartu nahi nuen, baina ez naiz ausartu— iruditzen zait. Beti bila aritze horrek, errealitatetik urruntze ekar baitezake. Eta errelitatea bera aski egokia izan daitekeela ahaztu egiten zait. Maiz, mirarizko formatuaren bilaketa baino hobea dela, hain zuzen. Horregatik txunditu nau asteburuak. Larunbat bazkalondoan, La2 kateak eman zidan azkenaldian telebista ikusten sentitu dudan gozamenik handiena. El viaje de la tortuga dokumentalak txunditu ninduen. Jaio eta hil artean, dordoka batek bizi izandako abenturak kontatzen ditu, 25 urteko bidaian. Igande gauean, kate berean, Tierra. La película de nuestro planeta eman zuten. Plazera luzatu zidana, zenbait animaliaren bidez, munduaren erretratua egiten duen dokumentala.

Puntu komun batzuk partekatzen dituzte bi lanek. Kariñoz eginak dira. Beharrezko denbora eskaini diete kamera atzean jarri diren aditu eta profesionalek. Proiektuak babestu dituztenek, ostera, ohi baino diru gehiago eskaini diete horretarako, ezinezkoa baita, bestela. Horregatik maisulen ikusgarritasuna. Aldi berean, irudien edertasunaz gain, gizakion bizimoduaren kritika zorrotza eginaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.