Goi arnasa zen garai batean. Baziren poesiarako balio zuten gaiak, eta balio ez zutenak. Poetikotzat jotzen ziren guneak, eta poetikoak ez zirenak. Baina puskatua da hori. Gaur egun onartu samar dago poesia edonon egon daitekeen ideia. Baita zabor artean ere. Poesia diluitzen ari dela diote zenbait teorialarik. Edonon egon daiteke poesia, beraz; baina zein leku betetzen duen, hori da eztabaida. Poesiaren Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta hamaika ekitaldi izan zen horren kontura erakunde publiko eta antzokietan. Eguna joan da, ordea, eta diluituta, bai, baina poesia gelditu egin da. Baditu bere lekuak.
Estuki lotuta daude zenbaitetan poetak eta lekuak. Beren txokoak ere izaten dituzte idazleek. Eta hala gertatzen da Euskal Herrian ere. Badira elkarrekin doazen idazle eta guneak. Gabriel Aresti eta Bilbo, Bitoriano Gandiaga eta Arantzazu, Lauaxeta eta Bizkaiko meategiak... Asko dira poementzako aitzakia edo poemen helburu izan diren gure bazterrak. Kaleak, ibaiak, tabernak... Egunerokoak batzuk, historikoak beste batzuk. Bernardo Atxagak deskribatutako afrikar etorkina Bilboko taberna arrunt batean. Lauaxetak deskribatutako Amaiurko gazteluko borrokak.
Ez dira, ordea, euskal idazleak soilik aritu Euskal Herriaz. Kanpokorik ere izan da gure bazterrei idatzi dienik. Luis Gongora Espainiako Barroko garaiko lumarik finenak badu poema bat Burlatari buruz (Nafarroa). Hor dago Paul Eluard poeta surrealista frantsesak gerra garaiko Gernikari eskainia ere (Bizkaia). Eta Iruñeak ere baditu bere bertute poetikoak.
Iruñea eta ilargia
Ez da gutxiagorako. Izan ere, ilargiarekin lotuta dago Iruñea. Bai, behintzat, Emile Verhaeren poeta flandiarraren hitzetan. DanielRegoyos pintore espainiarrarekin heldu zen Nafarroako hiriburura, 1888an. Gau aldera. Ilargia ateratzean, poeta estasi moduko batean sartu zela kontatzen du Regoyosek. «Haren ustez, frantsesez hitz gutxi daude lune-rekin[ilargia] errimatzen dutenak. Horregatik, poesiarentzat Iruñea aurkikuntza bat da. 'Pampelune rime avec lune' [Iruñeak ilargiarekin errimatzen du] esaten zuen behin eta berriro, horra hor Iruñea maitatzeko arrazoia».
Dena ez da hiri, ordea. Eta mendi, errekasto eta bideek ere badute poemarik. Baita bidaiek ere. Itxaro Borda idazleak balada zahar famatuko Milia Lasturko pertsonaiaren aitzakian Bizkaiko kostaldean egiten duena, esaterako. Baina ezer ikusten ez denean ere ikus liteke poesiarik Euskal Herriko bazterretan. Dena ez da erakustea. Ikusmenak baino gehiago, ikuskerak balio du. Begiradak. Diluituta doaz, maiz, lekua eta pertsona ere. JosAnton Artze poetak deskribatzen ditu gure bazter horiek: «Maite ditut maite gure bazterrak/ lanbroak izkutatzen dizkidanean/ zer izkutatzen duen/ ez didanean ikusten uzten/ orduan hasten bainaiz/ izkutukoa/ nire baitan pizten diren bazter miresgarriak ikusten».
Ezarian
Poesiaren lekuaz
Udaberriarekin batera iritsi zen atzo Poesiaren Munduko Eguna. Euskal Herriko hainbat txoko erabili dituzte sarritan poetek; estuki lotuta daude, gainera, toki eta poeta asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu