Ekografiak. Jokin Labaien

Polisemia

2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Kazetaritza hitz polisemikoa da. Nik ikasi nuena atzean geratu da. Beste hainbat gauzari ere kazetaritza deitzen zaio: kuxkuxeroari, esamesari, konpromiso gabekoari, eskuin muturrekoari... Baina kazetaritza klasikoa, egiatia, askea, errespetuzkoa, zorrotza eta konpromisoduna baztertua dago lotsagabekeriaren eta irainaren erruz. Zoritxarrez, kazetaritza friki eta sinesgarritasunik gabeak hartu dute ofizioa».

Iñaki Gabilondoren hitzak dira, Público egunkariari eskainitako elkarrizketan. Triste dabil azkenaldian. Atzo zuen azken saioa. Gaur, langabezia. Lankideen egoerak kezkatzen du. Lana egoki egiten izerdia utzi eta gero, kalera joan baitaitezke. Gainera, egungo kate multzo handiari homogeneoegia irizten dio, ideologiari dagokionez. Bateko ala besteko, ildo bera jarraitzen omen dute. Hori aldatzea zen CNN+ katearen egitekoa langintzari bizitza eskaini dionarentzat.

Beti iruditu zait gizon ausarta. Desberdina. Gustatu ala ez, haren ikuspegia azaltzeko jarrerak jarri du kameren miran. Agian, bozgora inork onartuko ez duen arren, horrek utziko du itzalean. Fusioari egotziko diote errua. Desagertuko da CNN+ katea. Eta adinaren eta kazetaritzaren egoeraren eraginez, nekez ikusten omen du bere burua elkarrizketa ala informazio saio berri baten ikur izaten. Oraingoz, Prisa taldearen aholkulari gisa jarraituko du, hain zuzen, Cadena Ser eta Union Radiori lotuta. Itzalean.

Burumakurregi ageri dela esango nuke. Porrotaren usaina darie bere hitzei. Sineskaitza da. Nork eta Iñaki Gabilondok langabezia pairatu? Nago, amore eman duela, hein batean behintzat. Ez duela bere burua aurkitzen egungo informazioaren munduan. Inoiz ez dut kuxkuxero ikusi, esamesaren mende, konpromisoa auzoan eta eskuin muturrari makurtuta. Ez da frikia, eta badu nahikoa sinesgarritasun. Batez ere, haren ikuskera partekatzen duten horientzat. Eta, hala ere, nagusiek eta ikusle datuek ez dute behar adina babestu Cuatro eta CNN+ kateetako abenturetan.

Zer egingo zaio. Albisteak ez du hainbesteko eraginik izan. Laster ahaztuko da. Ziur asko, berandu baino lehen murgilduko da Iñaki Gabilondo hurrengo proiektuan. Aurkituko du bere burua ezpada, bere txokoa. Eta orduan ni tristetuko naiz. Bai baitirudi pantailaren aurrean izanda ezin dela halako adierazpenik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.