Hitzekin aritzea jolas bihur daiteke; batzuetan, ordea, norberaren aurka jartzen dira. Egokienakbilatzea da gakoa; askotan, ordea, batentzat aproposak direnak ondokoak ezditu begi onez ikusten. Batzuentzat, bereziak dira hitzak; beste batzuentzat, berriz, ez dute ezer esaten. Politak ere badira: pinpilinpauxa, bihotza, goxoaeta maitasuna, esaterako. Horrela erabaki dute Euskararen Hitz Politena ekimenean parte hartu duten ehunka lagunek.
Edertasunez bete dute Euskararen Nazioarteko Eguna 2.000 parte-hartzailek baino gehiagok. «Oso pozik gaude; iaz 1.700 proposamen inguru lortu genituen, eta jendearen harrera ikusita, hori gainditzea espero genuen», dio LeireGazeok, Eusko Ikaskuntzako Gazteria Saileko arduradunak. Iazko egitasmoan euskararen aldeko mezuak izan ziren euskarak bere egunean jaso zituen opariak.
Sentimenduak eta oroitzapenak. Horiek izan dira hitz bat edo beste aukeratzeko parte-hartzaileek gehien erabili duten irizpidea: «Maritxirdil, esaten zidan txikitan amak»;edo «kukupraka, mendirako txangoak eta praka motzak ekartzen dizkit gogora». Bihotzetik ateratzen dira batzuk; besteak, berriz, belarritik sartu. X hizkiaren goxotasunak baten baino gehiagoren erabakian izan du eragina: poxpolin, xarmant, xuxurlatu eta panpoxa izan dira gehien erabili direnetako batzuk. Baita pinpilinpauxa ere. Parte-hartzaileek gehien errepikatu duten hitza izan da; horien artean, Blanca Lopez de Juanak, Euskararen Hitz Politena kanpainako sortzaileak.
Emozioak sortzeaz gain, proiektuak zenbait helburu dituela azaldu du. «Euskararen inguruan gogoeta egitea, erabilera bultzatzea, euskaldun izaeraren forma azaleratzea, parte-hartzea bultzatzea eta euskal komunitatea teknologia berrien bidez bultzatzea».
Proiektuak Euskal Herriko txoko guztietako proposamenak jaso ditu; Euskal Herrikoak, baita itsasoz bestaldekoak ere. Iparraldetik futxo proposatu du Maiderrek; haren ustetan, Iparraldeko hitz «zahar» horietako bat da, eta bere belaunaldiak «maleruski» ahantzen ditu horrelako hitzak. Olatz erabiltzaileak, berriz, Boiseko (Idaho, AEB) euskaldunei entzundako hitza ekarri du gogora: «Txotxo umeari deitzeko erabiltzen dute Boiseko euskaldunek».
Euskararen egunetik harago
2005etik martxan dagoen egitasmoa da Euskararen Eguneko kanpaina. EiGazte! sarien bitartez, proposamen onena aukeratzen dute, eta hortik aurrera edozeinek dauka horretan parte hartzeko aukera. Bernardo Atxagaren babes, Laura Mintegiren gabetsi, Xala pilotariaren ura eta Miren Lourdes Oñederraren ttantto aurki ditzakegu, esaterako, hitz politenen zerrendan. Gaupasa hautatu du Mikel Urmeneta Kukuxumusuren sortzaileak; Benito Lertxundik, berriz, argiñabarra du gustuko: «Kutsu poetiko eta misteriotsu bat dauka». Mikel Laboaren Gure hitzak abestia izan da kanpainaren musika.
Leire Gazeo Eusko Ikaskuntzako kideak adierazi duenez, Euskararen Egunari begira antolatutako ekimena arrakastatsua izan da, baina «garrantzitsuagoa da egunerokoan egitea euskararen aldeko gauzak».
Politenetan politena
'Pinpilinpauxa' da Euskararen Hitz Politena ekimenean parte-hartzaileek aukeratu duten hitza. Euskararen egunerako antolatutako kanpainak 2.000 hitz inguru bildu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu