Joxe Aranzabalek (Arrasate, 1952) komunikazio eskolak ematen ditu egun Mondragon Unibertsitatean, baina 1973ko neguan Donostiako EUTG fakultateko ikasle zen. Hondarribian film amerikar bat egin behar zutela jaki zuen, eta izena eman zuen; astebete egon zen Hondarribian Papillon filmatzen.
Nola gogoratzen duzu 1973ko neguko aste hura?
Goizean goiz joaten ginen Grosen dagoen gasolindegi batera. Han jasotzen gintuzten, eta Hondarribira joaten ginen ikasle mordoa. Goiz hasi eta lan gogorra egiten genuen han egun osoan.
Kexarik egon al zen?
Bai horixe. Hirugarren egunean-edo, greba egin genuen filmatzean, lanegunak oso luzeak zirelako eta diru gutxi ematen zigutelako. Orduan jakin genuen gure artean polizia nazionalak zeudela estra moduan, grebari ekitean haiek desmarkatu egin baitziren. Bakarrik ordu batzuk iraun zuen grebak; azkenean, soldata igo eta berriro ekin genion.
Zer-nolako pertsonaiak egin zenituen?
Lehen egunetan dendari izan nintzen, eta azken hiruretan, soldadu. Frantziako armadaren I. Mundu Gerrako soldaduz jantzi ninduten, fusil eta guzti.
Dustin Hoffman eta Steve McQueen gertutik ikusi al zenituzten? Ezagutzen al zenituzten lehendik?
Steve McQueen bai; hura handia zen garai hartan. Paul Newman, Robert Redford eta Steve McQueen bera izango ziren garai hartako ikonorik handienak. Dustin Hoffman orduantxe famatzen hasi zuten. Hantxe ikusten genuen McQueen Ali MacGraw bikotekidearekin [elkarrekin egin zuten urtebete lehenago Sam Peckinpahen The Getaway]. Vespa batekin ibiltzen ziren; Maria Cristina hotelean ostatu hartuta zegoen, eta neska Vespan hartu, eta handik eta hemendik ibiltzen ziren.
Hoffman ere ikusiko zenuten, ezta?
Bai, xehetasun txikiena ere kontuan hartzen zuen gizona iruditu zitzaidan. Filmatzean, berak aukeratu zuen non jarri halako batean, noren alboan jarri. Besteen itxura kontuan hartzen zuen. Azazkala zikin-zikinak zituen estra batengan jarri zituen begiak, eta zuzendariari eskatu zion berari ere azazkalak beltzak jartzeko.
Joxe Aranzabal. Mondragon Unibertsitateko irakaslea
«Polizia nazionalak ere estra gisa zeuden gure alboan, lanean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu