Itsas Festibala

Portugal gonbidatu duela itzuliko da Pasaiako Itsas Festibala 2022an

Maiatzaren 26tik 29ra ospatuko da eta jada itsasontzien izen-ematea zabalik dago

Itsas festibaleko antolatzaileak gaur goizean Pasaian. ALBAOLA
Ane Markina Auzmendi.
2021eko uztailaren 14a
13:28
Entzun

2018ko arrakastaren ondoren eta 2020ko pandemiagatik ekitaldia bertan behera geratu ostean, datorren urtean ospatuko da Pasaiako Itsas Festibala berriro. Zehazki, maiatzaren 26 eta 29 bitarte antolatuko da. Lau egun horietan, Pasaiako badiako urak kontinente desberdinetako itsasontzi tradizionalen topagune bilakatuko dira berriro ere. Xabier Agotek, Pasaiako Itsas Festibalaren zuzendari eta Albaolako presidenteak horrela deskribatu du ospakizuna: “Gure sustraietatik munduko itsas kulturak besarkatzen dituen festibala da Pasaiakoa”.

Bigarren edizio honetako kartelean, Izaro Mariezkurrena artista pasaiatarrak adierazi duen bezala, Moita (Portugal) herria izango da festibaleko ohorezko gonbidatua. Bertako itsas-ordezkaritzaz gain, zenbait kulturatako itsasontzi tradizionalak elkartuko dira bertan. Momentuz, tamaina handiko bi ontzi daude baieztatuak: Shtandart, 34,5 metroko luzera eta XVIII. mendeko errusiar fragata baten erreplika dena, eta Oosterschelde, 1918an Herbereetan eraiki zena. Azken horrek, 50 metroko luzera eta hiru mastako goleta du. 2018an jaialdian parte hartu zuten itsasontziak erakartzen saiatuko dira, esaterako Kaskelot eta Hermione. Gaur ireki da webgune bidez itsasontzi tradizionalen izen-ematea. 2022ko edizioan parte hartuko duten ontzien kopurua handitzeko, aurten egingo diren hainbat itsas jaialditan Pasaiako jaialdirako promozioa egingo dute. Horrez gain, Elkanoren irudia festibalean presente egongo dela gaineratu du Agotek, mundubiraren 500. urteurrena dela eta.

Itsas jaialdiak oso formatu zabala du, bereziki bi zatitan banatzen da: itsasokoa eta lehorrekoa. Lehorrekoaren kasuan, Pasaiako barruti desberdinetan gauzatuko da: Pasai Donibane, Pasai San Pedro, Pasai Antxo eta Trintxerpe. Kokapen horietan bisitariek herrialdeko gastronomia, kontzertu, emanaldi eta artisautzaz gozatu ahal izango dute. Izaskun Gomezek, Pasaiako Alkate eta Itsas Festibalaren zuzendariak zera azpimarratu nahi izan du, “Pasaia itsas kultur ekitaldien nazioarteko mapan kokatzeko behar dugu Itsas Festibala, aberastasuna eta enplegua sortzen duten jarduera berriak bultzatzeko duen ahalmen guztia probestuz”. Oraindik programaziorik ez dute zehaztu, baina datozen hilabeteetan festibaleko lantaldeak bilerak egingo ditu lurraldeko kultur eragileekin batera jarduerak erabaki ditzaten.


Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.