Auzo bateko edo herri txiki bateko giroa usaintzen da Itziar Larrinagaren Gala saltokian. Hiriko anonimotasunari kontrajarriz Bilbon ere auzoak egon badirela froga daiteke Kapelagile kaleko saltokian. Sartu diren lau bezeroetatik hirurekin gertuko elkarrizketak eduki ditu Larrinagak. Urteetako konplizitatea nabari da, eta antz gutxi du saltoki handietako dendariekin izaten den harremanarekin.
«Bezero fidel asko ditut. Hogei urte daramatzat hemen lanean, eta azkenean, ezagutu egiten naute. Baina mota guztietako jendea etortzen da hona». Bitxiak eta zapiak saltzen ditu Larrinagak, batik bat. Krisiaren atzaparrek bera ere harrapatu dutela aitortu du: «2008tik hona, batez ere». Orain, jaunartzeekin zertxobait gehiago salduko duen itxaropena du.
Inguruko dendarien laguntasuna goraipatu du. «Alde zaharreko saltzaile guztiek ezagutzen dugu elkar, eta bata besteari laguntzen saiatzen gara. Kale honetan, bereziki, oso giro ona dago gure artean. Norbait nik ez daukadan zerbaiten eske badatorkit, kale honetako saltokiren baten erreferentzia ematen diot beti», dio Larrinagak erdi txantxetan. «Gauzak nola dauden ikusita, ezinbestekoa da saltzaileen elkartasuna eta elkarri laguntzea».
Atarian haurren etengabeko joan-etorriak harridura sortzen du. «Institutu ingelesak eraikin honetan eskaintzen ditu eskolak». Onuragarria omen da harentzat, umeek beti nahi izaten baitute zerbait erosi. «Amek saltoki hau bekatua dela diote». Bizilagunekin ere oso ongi konpontzen dela azaldu du, eta denetik egiten amaitzen duela: postariaren gutun-azalak jaso, mesedeak egin...
Erdi atezain izateaz gain, ordea, bestelako lanak ere egiten ditu. «Zazpikaleetako informazio guneko langilea sentitzen naiz, askotan: ea zein tabernatan jaten den ondo, denda hau non dagoen, hotel baten bila ari direla... Askotan sartzen zait jendea horrelakoak galdezka. Kaletik gainerakoak baino gertuago ikusten nautelako edo». Bezeroek edo despistatuek entretenitzen ez dutenean, irratia du beti lagun, baina ez omen du aspertzeko beta askorik izaten. Saltokia txukuntzen eta atontzen ere ahitzen ditu ahaleginak. Hain saltoki txikia apaintzeko orduan, «irudimenak» garrantzia duela azpimarratu du Larrinagak.
«Nik saltokia definitzeko, beti erabiltzen dut hitz bera: pospolo kaxa batean lan egiten dudala esaten dut, eta argi dago pospolo kaxa batetik ezin dela izugarrizko dirutza atera. Baina hilabetearen amaierara iristeko soldatarekin konformatzen naiz, eta, oraingoz, bizitzeko lain ematen dit. Ezin naiz kexatu, gustura nago. Uste dut, gainera, horrelako dendan komun bat duen bakarra naizela!», amaitu du irribarrez Larrinagak.
Pospolo kaxa bat lantokitzat
Bitxiak eta zapiak saltzen ditu Bilboko Gala saltokiak; herri txiki bateko giroa nabari da dendan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu