Potez pote eta plazaz plaza, dantzan

Errenteriako Erromeria Eguneko berrikuntza nagusia dantza poteoa izan da. Festagunea zabaltzeko, musikari eta dantzariak herriko kaleetan zehar ibili dira.

Dantza poteoa Errenteriako elizaren aurretik igarotzen. ANDONI CANELLADA / ARP.
Kerman Garralda Zubimendi.
Errenteria
2017ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Udako larunbat eguerdi bat. Madalenak hastear. Eguraldi goxoa; hotzik ez, baina bero gehiegirik ere ez. Jende asko dabil Errenteriako (Gipuzkoa) kaleetan, eta terrazak ere beteta daude. Halere, bat baino gehiago dira eserlekutik altxatu eta dantzan hasi direnak.

Izan ere, Errenterian, atzo ez zen egun arrunta izan, Erromeria Eguna baizik. Urtero legez, egitarau betea prestatu zuten Ereintza dantza taldekoek, goizean goizetik. Aurten, ordea, festagunea zabaltzeko asmoz, antolatzaileek dantza poteoa ere antolatu dute.

Olaskoaga plazan, haurrak jolasean dabiltzan eta terrazak beteta dauden bitartean, joaldunek ateratzen duten soinua entzun da bat-batean. Jarraian txistulariak etorri dira, eta, atzetik, 200 bat dantzarik plazaren erdigunea hartu dute. Dantza poteoa Olaskoaga plazara iritsi den seinale.

Dantza poteoak hiru geldialdi ditu: Olaskoaga plaza, zumardia eta alde zaharra. Toki batetik besterako joana txistularien laguntzarekin egin dute, eta plazan, Aiko kolektiboak jarri du dantzatzeko musika. «Gurea oso herri poteatzailea eta dantzaria da. Biak uztartu besterik ez dugu egin», esan du Patxi Laborda dantza irakasleak.

Plaza ikusita, Errenteriako herritarrei ideia gustatu zaiela dudarik ez dago. «Sistema oso ona da. Bizkaian ere egin izan dira dantza poteoak, eta guztietan oso giro ona sortzen da», azaldu dute Karmele Iartza eta Endika Ezkerra dantzariek. Halere, aurreko urteetako Erromeria Egunetan baino «zertxobait» jende gutxiago bildu dela nabaritu dute.

Plazaz plaza dantzan dihardutenen artean, helduak dira nagusi, baina bada ume koskor bat edo beste. Halaber, baserritar jantzien artean ere ikusten dira kaleko jantzitakoak, dantzara azken unean animatutakoak.

«Dantza ibiltariaren formula oso egokia da edonor gehitzeko taldera. Erromeria finko batean, azkenean, dantzarien artean zirkuluak osatzen dira, eta taldeak itxi egiten dira. Baina hemen mugimenduan gaudenez, erraza da taldera batzea», adierazi du Labordak. Iartza eta Ezkerra, berriz, ez dira horren baikorrak: «Dantza desberdin asko egiten ditugu azkenean. Baten bat jakitea posible da, baina denak...».

Jendeak beldurrik ez izateko eta galduta ez ibiltzeko, Patxi Laborda irakaslea dantzarien erdian ibili da saioa gidatzen mikrofonoa ahoan duela. Kontuak kontu, dantzari gehienek esperientzia handia dute. «Herriz herri ibiltzen gara dantzan. Iruñean egon gara aste honetan; atzo [herenegun], Trintxerpeko [Gipuzkoa] festetan egon ginen; bihar [gaur], Errenteriako [Gipuzkoa] dantzari egunean ere hartuko dugu parte...», esan du Iartzak. «Gure garaian ez zegoen dantza eskolarik. Guk kalean ikasi dugu dantzan, eta plazan entseatzen dugu», gaineratu Ezkerrak. Aiko musika taldekoek ere entseatzen ez dutela dio Sabin Bikandi arduradunak. Aiko taldeak urtero hartzen du parte Erromeria Egunean. «Orain arte arratsaldeko erromerian jotzen genuen, baina aurtengoan ezin genuenez, dantza poteoan jotzea tokatu zaigu», azaldu du Bikandik. «Oso gustura gaude sortutako giroarekin», esan du.

Dantza ibiltaria izateak, baina, baditu bere zailtasunak: soinu ekipamendua plaza bakoitzean muntatu eta desmuntatu behar da. Olaskoaga plazako azken abestiak, adibidez, akustikoan jo behar izan dituzte, teknikariek bozgorailuak jaso ahal izateko. «Soinuaren kalitatearekin arduratuta ibiltzen gara, baina, azkenean, akustikoan jota ere, plaza dantzan jartzen da. Dantzariak gutxi behar du», esan du Bikandik.

Arratsaldean ere, dantzan

Soinu ekipamendua jasota, iritsi da beste pote bat hartzeko garaia. Iritsi da plazaz aldatzeko garaia. Errenteriako txistulariek ireki dute bidea, eta atzetik doaz dantzariak. «Aparteko giroa sortzen da. Gainera, guretzat oso egun berezia da, egun betea dugulako. Goizean goiz hasten gara jotzen, dianarekin, eta, ondoren, poteoa, bazkaria, arratsaldeko erromeria...», adierazi du Maialen Viejo txistulariak.

Poteoaren ostean, indarrak berritzeko, Koldo Mitxelena plazan herri bazkaria egin dute. Laurehun lagun inguru bildu dira mahaiaren inguruan. 18:00etan, eguna borobiltzeko, erromeria egin dute zumardian. Esne Beltzako Xabi Solano eta Jon Mari Beasain ibili dira musika jartzen, eta Patxi Perezek dantzaldi gidatua eskaini du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.