Pregoirako eta txupinazorako prest

Kirmen Uribe eta Patricia Lezama izango dira aurtengo Bilboko Aste Nagusiko pregoilari eta txupinera, hurrenez hurrenUrte honetan zendu den Juan Carlos Egillor izango da Ohorezko Bilbotarra

Kirmen Uribe eta Patricia Lezama aurtengo pregoilari eta txupinera, zesta-puntako jokalariek egin zieten zubipean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Jai giroa sumatzen hasi da dagoeneko Bilboko kaleetan. Areatza eta Arriaga antzokiko ingurua txosnek hartua daukate, eta erdiguneko kaleak jaiak iragartzen dituzten banderola eta argiekin apainduta daude. Larunbat honetan lehertuko da festa Bizkaiako hiriburuan, eta, Marijaiaren etorrerarekin, bederatzi eguneko asteari hasiera emango zaio. Ia dena prest dagoen arren, jaietako protagonista nagusiak aurkeztea bakarrik falta zen: Aste Nagusiko pregoilari eta txupinera. Atzo izan zen aurkezpena, eta, ondorioz, bilbotarren astea gero eta gertuago dagoela suma daiteke.

Zesta-puntako sei jokalari profesionalen babesean egin zuten Arriaga antzokirako bidea aurtengo pregoilariak eta txupinerak, Kirmen Uribe idazleak eta Patricia Lezama Mekauen konpartsako kideak, hurrenez hurren. Marijaiak leku beretik agurtuko ditu bilbotarrak larunbatean, pregoilariak bere pregoia irakurri eta txupinerak txupina bota eta gero. Biek ere poztasun eta ilusio handiarekin hartu dute Bilboko jaietako protagonista izateko ardura, «nahiz eta kargu horiek erantzukizun handia eskatzen duten», Lezamaren hitzetan. Hori dela eta, sentimendu kontrajarriak dauzka aurtengo txupinerak, «urduri eta pozik» baitago era berean. Pregoilari izateko ardura, hain zuzen, inoiz jaso duen «sari politena» dela aitortu du Uribek.

Pregoi «original eta motza»

Aurtengo pregoia irakurtzeko ardura idazle batek izango du, eta ohore hori idazle eta kulturgile guztiekin banatu nahi izan du Uribek. Aste nekagarria izango dela jakitun da ondarroarra, eta ahal den ekitaldi gehienetara joaten saiatuko dela aurreratu du. «Baina neke hori guztia bi eguneko atsedenaldiarekin joango da», gaineratu du.

Jaiei hasiera emango dien pregoiari dagokionez, ez du gehiegi aurreratu nahi izan idazleak. Edozein modutan, pregoia «laburra, originala, umore kutsuarekin, eta jai ukitukoa» egin duela adierazi du Uribek. Edozein modutan, gizarteko kezkak islatzen ere saiatu da. Sortze prozesua «geldoa eta zalantzez betetakoa» izan omen da, baina, oro har pregoia idazten «ongi» pasatu duela esan du idazleak. Aurreko urteetako pregoiak irakurri dituela onartu du, baina ez da horietan oinarritu, «zerbait originala izan zedin nahi bainuen»; hala esan du.

Pregoia motza izango denez, jaiei hasiera emango dion txupina ere garaiz botatzea aurreikusten da, zazpietan puntuan. Horretarako ardura izango du Patricia Lezamak. «Gure konpartsari txupinera aukeratzea egokitu zitzaiola esateko deitu zigutenean, ustekabean hartu genuen albistea», adierazi du Lezamak. Hori jakin bezain laster, txupinerak eta pregoilariak daukaten rolaren inguruan hausnarketa egin zuten Mekauen konpartsaren barruan, baina «azkenean aurrera egitea erabaki genuen». Aurten, gainera, konpartsak hogei urte beteko ditu sortu zenetik; urteurrena ospatzeko aitzakia ederra.

Egillorren omenaldia

Pregoilari eta txupinerak aurkeztearekin batera, autengo Ohorezko Bilbotarraren titulua nori emango dioten ere jakinarazi zuten atzoko aurkezpenean. Donostian jaioa izan arren, Bilborekin harreman oso estua izan zuen urte honetan hil zen Juan Carlos Egillor ilustratzaile, marrazkilari eta grabatzaileak. Gargantua elkarteko kidea zen, eta Aste Nagusiko lehen kartela berak egin zuen 1978an; 1987an ere egin zuen beste bat. Horretaz gain, Bilborekin zerikusi zuzena duten Miss Martiartu, Mari Agirre edo Max Bilbo pertsonaiak ere hari zor zaizkio. Hori guztia dela eta, omenaldia egingo diote txupinazoa bota aurretik egingo den ekitaldian.

Horretaz gain, Aste Nagusirako diseinatu zuen zapia ere berreskuratu nahi izan dute Bilboko Konpartsetako kideek, eurek ere Egillorri omenaldia egiteko asmoarekin. Zapia urdina da, eta Bilboko armarria agertzen da bertan, gainean txapel bat daukala, eta Bilboko Aste Nagusia idatzia irakur daiteke. Konpartsetako txosna guztietan doan banatuko dute zapi hori, eta konpartsetako kideek jakinarazi dute saiatuko direla beste hainbat lekutan ere banatzen.

Txupinazo «garbia»

Udalak, berriz, txupinazoaren unerako deialdi berezia egin die bilbotarrei. Arrautzak eta irina elkarri botatzeko joera alde batera utzi, eta txupinazo «garbiaren aldeko jarrera» hartzeko eskatu die hiritarrei. Izan ere, «sekula ez da Bilboko txupinazoko ohitura izan, eta ez da horregatik nabarmendu», Itziar Urtasun Bilboko jaietako zinegotziaren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.