ZIBERGELA

Pribatutasuna Interneten

Web 2.0 eta sare sozialekin gero eta datu pribatu gehiago jartzen dira Interneten. Erabiltzaileek kontziente izan behar dute datuak ezagutarazten ari direla; gainera, jakin gabe, beste datu arrasto batzuk ere uzten dituzte. Sarean informazio garrantzitsua edo pribatua sartzean, zifratuta joango dela ziurtatu behar da

2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Web 2.0 eta sare sozialekin, Interneten datu pribatuak jartzeko gero eta ohitura handiago dago Internet erabiltzaileen artean. Hala ere, datu pribatuen arazoa ez da gauza berria Interneten. Guztien arteko amarauna osatzen hasi zenetik, beti egon dira txat gelak, Messenger eta antzeko berehalako mezularitza aplikazioak eta posta elektroniko masiboak. Horrela, Interneten diharduten datu pribatu ebasleak baliabide horietaz baliatuz joan dira. Datu pribatu horiek nahita edo jakinda uzten du sarean Internet erabiltzaileak, baina horri gehitu behar zaizkio konturatu gabe uzten dituen informazio arrastoak eta era eskuragarri batean garraiatzen den informazioa. Gai horretaz erabiltzaile asko ez dira arduratzen, eta beste asko izugarri arduratzen dira. Printzipioz, oreka bilatu behar da, ez hain gutxi, ez hainbeste. Esaterako, badira urteak norberaren telefonoa eta helbidea gida publikoetan argitaratzen direla, eta gida horiek etxez etxe banatzen dira. Gida horiek Internet baino etxe eta pertsona gehiagotara heltzen dira, esaterako. Eta datu horiek lehenetsita argitaratzen dira, erabiltzaileak ez argitaratzea eskatu ezik.

Izan ere, beste batzuetan esan den bezala, Internet ez da aparteko mundu bat gaizkile gehiago edo gutxiagorekin, baliabide bat besterik ez da, eta bertan mugitzen diren pertsonak gizartearen isla baino ez dira.

Hala, bada, norberak kontziente izan behar du Interneten argitaratzen dituen datuekin, publikoki argitaratzen ari dela jakin behar du, nahiz eta sare sozial batean izan. Kontuan hartu behar da pribatutasun baimenak edo irizpideak agian ez daudela ondo konfiguratuta, eta sare sozialtzat hartzen diren webgune batzuk, Twitter, esaterako, ez direla sare sozialak; jarraitzaileak egon arren, microblogging webguneak dira. Beraz, Twitter eta antzeko webguneetan argitaratzen dena edonork ikusi ahal du, jarraitzailea izan ala ez, Twitter profilaren helbidea baino ez da jarri behar.

Horretaz gain, ondo legoke ziurtatzea txat geletan, sare sozialetan eta berehalako mezularitza aplikazioetan kontaktu gisa edo lagun gisa gehitu dugun hori, benetan, laguna edo ezaguna den. Hori, batez ere, nerabeen kasuan bereziki garrantzitsua da.

Facebooken pribatutasuna konfiguratu

Facebookek, esaterako, pribatutasunaren ezarpenak konfiguratzea ahalbidetzen du, eta zehaztu daiteke informazio bakoitza nork ikusi ahal duen eta nork ez. Horretarako, Facebooken saioa hasten denean, goiko barran, eskuman, Hasiera, Profila eta Kontua aukerak daude. Bada, Kontua aukerari sakatzen bazaio, azpimenu bat agertuko da, eta hor Pribatutasun ezarpenak aukeran klik egin behar da. Hor, zehaztu daiteke norberaren datuak denek, lagunen lagunek edo lagunek bakarrik ikusiko dituzten. Bestela, konfigurazio gomendatua edo pertsonalizatua aukeratu daiteke, datu batzueipribatutasun gehiago edo gutxiago emateko, eta ez guztiei berdina; azken aukera hori izan liteke egokiena.

Posta masiboak, helbide elektroniko lapurren altxorra

Era masiboan kontaktu guztiei bidaltzen diren posta elektronikoak kate bati jarraituta oso erakargarriak dira helbide elektroniko lapurrentzat. Izan ere, askotan, helbide kopuru handia bildu nahi duten horiek abiarazitako kateak dira. Helbide elektroniko horiek, gero spam-a bidaltzeko erabili ohi dira. Hala, bada, kate horiei ez jarraitzea gomendatzen da, edo jarraituz gero, bidaltzea kontaktuei helbide elektronikoak ezkutatuz, kopia ezkutuan edo BCC eremuan, alegia.



Era pribatuan nabigatu

Sarean informazio garrantzitsua edo pribatua sartzean, zifratuta joango dela ziurtatu behar da
J. Asurmendi Sainz.

Internetera konektatutakoan, ordenagailua eta Interneteko zerbitzariaren artean garraiatzen den informazioa zifratu gabe joaten da. Horrenbestez, informazio hori irakurgarria eta ulergarria da bai garraiatzen den bitartekoaren bitartez, are gehiago wifia bada; bai artekarien bitartez, proxyak, sare lokala; bai Internet hornitzailearen bitartez.

Beraz, informazioa garrantzitsua edo bereziki pribatua bada, zifratuta joango dela ziurtatu behar da. Alde batetik, webgune batean sartu behar den informazio pribatua korapilatsua denean, diru kontuak, on line erosketak edo pasahitzak esaterako, ezinbestekoa da webgune horrek eskaintzea bide seguru bat informazio hori zifratuta bidaltzeko eta, gainera, ziurtatzeko webgune horren atzean esaten den entitatea dagoela. Informazio zifratua bidaltzen denean, nabigatzaileek era ezberdinetan jakinarazten dio erabiltzaileari, helbide barra kolorez aldatuz edo giltzarrapo baten bidez, edo besterik gabe, helbidean ikusi ahal da «https://» «http://» s gabe ikusi beharrean. Webgunea zifratuta badago baina ez badauka nortasun ziurtagiririk, nabigatzaileak ohartaraziko du, eta galdetuko dio erabiltzaileari dena dela sartu nahi duen.Wifia erabiliz gero, konexioa WPA edo WPA2 protokoloen bitartez zifratuta garraiatzen dela baieztatzea ezinbestekoa da. Wifi publiko bat erabiliz gero, hobe datu garrantzitsurik ez bidaltzea.

Azkenik, Interneten nabigatzen denean erabiltzen den ordenagailuan edo gailu digitalean datu asko uzten dira, pasahitzak, formularioetan sartzen den informazioa, cookieak eta abar. Nabigatzaile askok eskaintzen dute informazio hori ezabatzeko aukera edo era pribatuan nabigatzeko aukera. Beraz, leku publiko batean edo norberaren ordenagailua erabiltzen ez denean aukera horiek erabiltzea oso komenigarria da. Firefox-en, menu nagusian, Tresnak atalean daude aukera horiek, eta Internet Explorerren, Segurtasuna atalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.