Produkzioaren erdia baino gehiago, Gorenak zigilu beltzarekin

Sei milioi botila sagardo izango dira merkatuan Gorenak zigiluarekin, eta 764.000 Eusko Label etiketarekin

xabier martin
Astigarraga
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Sagardo ekoizpena bi ereduri jarraituz ekoitzi dute sagardogileek, bigarren urtez jarraian. Batetik, Sagardo Mahaia osatzen duten upategien Gorenak zigiluarekin merkaturatuko da sagardoa, sei milioi litrotik gora Gipuzkoako hamahiru sagardotegien artean. Bestetik, botila berdeari zigilu hori jarri ahal izateko derrigorrezkoak diren baldintzetatik at merkaturatuko dira lau milioi litro inguru. Eusko Labelari loturik daude bigarren produkzio horren sagardotegi gehienak, 25 guztira (hemezortzi Gipuzkoan, sei Bizkaian eta bat Araban). Haatik, Eusko Labelaren marka eramango duen litro kopurua euren produkzioaren zati txiki bat baino ez da izango, 764.000 litro hain zuzen. Labela duten botila berdeek soilik bertako sagarrarekin egindako sagardoa izango dute barruan.

Iaz merkaturatu zen sagardoa modu horretan estreinakoz. Alegia, Gorenak zigilu beltzekoak (erdia baino gehiago) eta Eusko Labelekoak bereizirik. Labelik gabeko botila franko ere merkaturatu zituzten proiektu horretan sartutako 25 sagardotegiek, Eusko Jaurlaritzari lotutako erakundearen etiketa soilik euren produkzioaren zati txiki bati jarri baitzioten. Euren botila gehienak betiko etiketadunak izan ziren, labelik gabe. Aurten, hala ere, Eusko Label eramango duten botilak gutxiago izango dira, iaz 841.000 litro ekoitzi baitzituzten bertako sagarrez; aurten, berriz, 764.000 litro.

Salmentekin pozik

Jaurlaritzako ordezkari batek proiektua «zabalik» dagoela esan zuen atzo, Astigarragako Sagardoetxean, eta beste bide batetik doazenei, Gorenak zigilua sortu dutenei alegia, Eusko Labelera biltzeko deia egin zien.

Gorenak zigiluarekin merkaturatuko den litro kopuruak, ordea, gora egin du aurten. Sei milioi litro ekoitzi zituzten iaz, eta aurten zertxobait gehiago izango da; «Oso pozik gaude izan ditugun salmentekin», zioen Gorenak zigiluko arduradun batek. Eusko Labelarekin ari direnak «hain pozik» ote dauden ez zekien; «izan dituzten salmenten inguruan galdetu beharko litzaieke». Gorenak zigiluak martxan duen proiektuaren zati dira sagasti homologatuak, kudeaketa jakin batekin zaintzen direnak, eta eremu horietatik jasotako sagar kopuruak ere gora egin du, iazko kopuruarekin alderatuz.

Orokorrean, sagardo ekoizpen osoa kontuan hartuta, bertako sagar kantitatea iazkoaren antzekoa izan da, fruituen tamaina onari eta ekoizpena kontrolatzeko egindako ahaleginei esker. Hamalau aldaeraren gainean kontrol zehatzak egin dituzte hainbat sagastitan. Aritza, errezila, gezamina, goikoetxe, manttani, moko, mozolua, patzolua, txalaka, udare marroi, urdin, urtebi haundi, urtebi txiki eta berde mikatza sagar motak zaindu dituzte bereziki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.