Osasuna. Aro berriak. Psikologia

Psikologia eta pertsonen beharrak

2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Egunotan, gure inguruan, krisialdi hitzak gero eta indar handiagoa hartzen du, ekonomia mailan batez ere. Daukaguna aztertu, zenbatu, izendatu eta behar duguna, nahi genukena, behar-beharrezkoa dena ahalik eta ondoen aztertu eta sailkatu gero. Dirua, aurreikuspenak eta horrelakoak logika ekonomikoaz azaltzen dira, baina, jakitunek hitz egiten dutenean, argi ikusten dugu ez direla ados jartzen. Zer gertatzen da, bada? Zientzian erabiltzen den logika zientifikoak ez du arlo guztietarako balio, eta horrela, bizitza berak, pertsonak, gizarteak eta kulturak beste mota bateko logika erabiltzen dute.

Gizakia logika arrazionala baino askoz gehiago denez, giza beharrak ere, sarritan, logika horretatik kanpo daude; horrela, beste pertsona batek egiten duena zaila izaten zaigu ulertzea. «Zertarako erosiko zuen Mikelek auto berri hau besteak lau urte baino ez bazeuzkan?», «Zergatik hitz egiten didazu hain urduri gure artean ez bada ezertxo ere gertatu?», «Zertarako bilatzen duzu bikotekidea ehiztari baten moduan, behin eta berriro?».

Giza beharrak aztertzeko nahian, Maslow psikologoak teoria borobila osatu zuen XX. gizaldian. Mexikoko piramideen antzera, giza beharrak hainbat mailatan kokatzen dira. Sistema horretan, oinarrizko beharrak aseta egon behar dute hurrengo mailakoak bilatu baino lehen; horrela, maila batetik besterako igotze bakoitzean. Pertsonak egoera dinamikoan gaude piramide horretan. Aldaketek eta kanpo edo barne krisialdiek piramideko oinarrian eta mailetan mugitu egiten gaituzte.

Oinarrizko mailan behar fisiologikoak daude: jatekoa lortzea, arnasa egitea, babesleku bat izatea, sexu harremanak izatea… Bizitzaren iraupenarekin elkarturik daude, eta horregatik dira hain indartsuak eta konpultsiboak.

Bigarren mailak ziurtasuna du ardatz. Arriskuetatik libre izatea eta ziurtasun fisikoa: lanarena eta baliabideena; ziurtasun morala: osasunarena eta jabego pribatuarena. Gaur egun, gure krisialdi ekonomikoa dela eta, kolokan jartzen ari direnak, hain zuzen.

Hirugarren mailan adiskidetasun eta laguntza beharrak daude, gure beharra baita lagunak izatea, maitasuna sentitzea eta erlazio bereziak, intimoak izatea, hain zuzen.

Laugarren maila estimuaren beharra da: konfiantza,norbere buruaren errespetua, baliotsua eta arrakastatsua sentitzea.

Bosgarren maila orain arte aipatu ditugun behar guztiak aseta daudenenan hasten da, non norbere gauzatzea bilatzen da, osotasunean; hau da, norbaitek bere ahalmenak erabiltzea eta bere helburuak bilatzea: sormena, morala, naturaltasuna, gauzak diren moduan ikustea eta onartzea eta problemen aurrean erantzun indibiduala sortzea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.