Bihar Berrian

Puntako jatetxeen hornitzaileak

Kalitatezko lehengaiak eta produktuak dira goi mailako jatetxeetako errezeten ezinbesteko osagaiak; gertuko ekoizle txikiek hornitzen dituzte Arzak, Azurmendi, Mugaritz eta beste zenbait jatetxe. Haietako batzuk ezagutuko ditugu bihar 'Bizigiro' saileko gehigarrian.

Kepa Agirregoikoak ekoizten ditu Errotik behi esnekiak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko irailaren 14a
12:54
Entzun

Hendaiako (Lapurdi) Arruabarrena harategiak hornitzen ditu okelaz Mugaritz, Martin Berasategi eta beste zenbait jatetxe; aske hazitako animalien haragia du lehengai. Hernaniko (Gipuzkoa) Karabeleko ekonekazaritza etxaldeko lore eta kimuak dasta daitezke Arzak jatetxeko plateretan, baita Donostiako Oihaneder arrandegiko arrain freskoa ere. Errotik behi esnearekin egindako esnekiak ekoizten ditu Kepa Agirregoikoak Etxanon (Bizkaia); haren gazta onduak badu tokia Azurmendi jatetxeko sukaldean. Haien jarduna izango du ardatz bihar Bizigiro saileko gehigarriak.

Ekoizleez gain, Seaskak hamaseigarrenez antolatutako Gliss Eguna ere jorratuko du. Lerra kirolak ere euskal kirolak direla erakusteko ekitaldia da igandekoa. Aisialdian euskararen erabilpena bultzatzea ere badu xede. Horretarako, surfa, skimboard eta bestelako erakustaldiak egingo dituzte, baita euskarazko fitness saioa, haur txikientzat gimnastika gunea eta kontzertuak ere.

Zinemak ere izango du tartea gehigarrian, Gontzal Agoteren eskutik. David Kerrek zuzendutako Johnny English Strikes Again (2018) komedia filma izango du mintzagai. Rowan Atkinson aktoreak jokatzen du Maigret detektibearen rola, eta huraxe da pelikulako protagonista. Datorren astean estreinatuko da zinema aretoetan.

Azkenik, Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokako Expogrow kalamu azoka ezagutuko dugu bertatik bertara. Asteburu osoan bisitatu ahal izango da landarearen inguruko azoka; postuak, jarduerak, kontzertuak, hitzaldiak eta abar egongo dira gaurtik igandera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.