Quebeceko dantza garaikidea

Edouard Lock koreografoaren La La La Human Steps konpainiak azken lana aurkeztuko du Bilbon

Erredakzioa
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Quebeceko eta munduko dantza garaikide konpainiarik hoberenetako bat da La La La Human Steps. Azken koreografia aurkeztuko du gaur Arriaga antzokian, The last work of Edouard Lock izenburu deskriptiboa edo, besterik gabe, xelebrea duen lana. Dantzari artean Diana Vishneva egongo da, «munduko dantzaririk hoberena», Ballet Magazine aldizkariaren arabera.

Amsterdamgo Het Muziektheaterren estreinatu zuten lana, urtarrilaren 5ean. Lan «erromantiko» gisa deskribatu dute, baina barrokoarekin ere lotu dute. Konpainiaren 30. urteurrena ospatzeko taularatzen ari dira.

Teknika aldetik erronka jo die Lock konpainiaren sortzaile eta koreografoak bere dantzariei. Bi operatan oinarritu da Lock lana egiteko, Purcellen Dido and Aeneas eta Glucken Orfeo ed Euridice. Gavin Bryars ingelesak sortu du musika, eta zuzenean jotzen dute emanaldietan. Tragedia bihurtzen diren maitasun istorioak kontatzen dituzte lanok. Estilo indartsua eta akrobaziaz beterikoa du Quebeceko konpainiak. Mugimendu azkarrak eta dantzarien arteko talka atletikoak dira horren ezaugarri nagusiak. Izar gonbidatu Vishneva San Petersburgoko Kirov balleteko dantzari nagusia izan zen. Rock musikariekin askotan egin du lan konpainiak, besteak beste David Bowie, Frank Zappa eta Einstuerzende Neubautenekin.

'THE NEW WORK OF EDOUARD LOCK'

Noiz. Gaur eta bihar, 20:00etan, Arriagan, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.