Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako rap talde borrokalari eta iraultzaile batzuek kontzertua eskainiko dute gaur, Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxean, 19:00etan. EztabaiHerri Mugimenduen Ahotsa kolektiboaren aldeko kontzertua eskainiko dute.
Bost taldek parte hartuko dute: Gronx Wild, Bunker 13, Lagrimas de Sangre, El Templo del Tigre eta Pablo Hasel.
Bunker 13 Donostiako Altza auzoko zazpi kidek osatzen dute. Rap jaialdiari hasiera emango diote, ohikoa duten indar eta energiaz. Gronx Wild donostiarrek urteak daramatzate freestyle-a ordezkatzen, eta horretarako aukera izango dute Kortxoenean. Ondoren, Lagrimas de Sangre kataluniarren txanda izango da. Rap melodikoa eta borrokalaria jorratzen dute. Valentziako El Templo del Tigre izango da jarraian. Mundua ulertzeko eta sistemaren aurka borrokatzeko ideiak islatzen ditu abestien hitzetan. Ikur bat erabiltzen dute, alderantzizko piramidea, kontrol sozialari bira emateko sinbolotzat dutena. Azkenik, Pablo Hasel izango da. Kapitalismoak gizartea zapaltzen duela eta horren aurrean era alternatiboan bizi daitekeela dio abestien hitzetan. Hasel kartzelan izan zen 2011. urtean, terrorismoari apologia egitea egotzi baitzioten, eta bertan egindako hitzak ere abesten ditu.
RAP KONTZERTUAK
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Kortxoenean (Gros, Donostia).
Rap iraultzailea Donostian
Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako rap taldeek joko dute gaur, Groseko Kortxoenea gaztetxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu