Larunbatean hirian paseatzen ibiliko dira hainbat sukaldari, Repsol gidaren ekitaldiaren harira egingo diren jardueren berri emateko. Hilaren 15ean, berriz, herri bazkari bat egingo dute Bulebarrean, Sukaldaritzan jaioak gara lelopean, eta lortutako diru guztia Zaporeak egitasmoarentzat izango da. Hilaren 18an, hiriko suhiltzaileak eskertzeko ekitaldia egingo dute, eta janari berezia prestatuko diete.
Sukaldariak zuzenean lanean ikusteko aukera ere izango da jarduera horien barruan. Hilaren 25ean, aperitiboaren orduan, pintxoak egiten arituko dira hainbat sukaldari: Carlos Maldonado, Javier Olleros, Fina Puigdevall eta Begoña Rodrigo.
Iaz, Eusko Jaurlaritzak eta Repsolek hitzarmen bat sinatu zuten, 2021era bitartean Repsol Gidaren ekitaldia Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan egiteko. Aurten, bigarren urtez, Donostian egingo da gala.