Rock kontzertuak Donostian

Vistalegre eta Zarauzko Mantisa taldeek Donostiako Ondarra tabernan joko dute, 20:00etan

Erredakzioa
Donostia
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Vistalegre eta Mantisa musika taldeek piztuko dute Donostiako Ondarra tabernako giroa. 20:00etan hasiko dira kontzertuak, eta doan izango dira.

Vistalegre taldea No More Lies taldearen errautsetatik sortu zen. Proiektu berri horretan, Sant Feliu de Guixolsko (Katalunia) mutilek euren alderik punkiena azaleratu dute. Santi Garciak, Marc Closek eta Roger Ortegak osatzen dute taldea. Denbora luzez geldi egon ostean, guztiz indarberriturik datoz, oholtza gainean ikuskizuna emateko prest. 1990eko hamarkadarako obsesioa nabaria da haien musikan. Melodia eta indarra gailentzen dira taldearen abestietan, ahotsa ere garrantzitsua den arren. Punk eta rock estiloak uztartzen dituen diskoa dute kalean.

Mantisa Zarauzko taldeak hartuko dio erreleboa kataluniarrei. 2004. urtean sortu zuten taldea, eta, hardcore estilotik abiatuta, beste rock estilo melodiko batzuetara igarotzeko joera dute. IosuGonzalez eta Ganix Illarramendi dira taldeko abeslariaketa gitarra jotzaileak. Iñigo Azkue arduratzen da baxuaz, eta Iñaki Castrok bateria jotzen du. Hamasei abesti bildu dituzte aurten kaleratu duten diskoan, eta taldeko lau kideen esperientziak ageri ditu, hitzen eta musikaren bidez.

VISTALEGRE ETA MANTISA

Noiz. Gaur, 20:00etan.

Non. Donostiako Ondarra tabernan.

Sarrera. Doan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.