Arantza Rock jaialdia egingo dute larunbatean, Arantzan (Nafarroa). Goienetxe Anaiak, Mendeku Itxua, Esne Beltza eta Dj Bull izango dira aurten, musikazaleen gozagarri. Talde ezagunak laurak. Gauean emango dituzte kontzertuak, 23:00etan, eta sarrera doakoa da. Musikaz giro ederrean gozatu nahi duenak, hortaz, ez du aitzakiarik.
Hamazazpigarrenez antolatu du herriko Gazte Asanbladak jaialdia, eta 2006az geroztik hasi ziren kontzertuetako sarrera ez kobratzen. Makina bat talde igaro da bertatik urte hauetan. Ezagunenen artean, Su ta Gar, Berri Txarrak, Betagarri, Des-kontrol, Txapel Punk, Zea Mays eta beste hainbeste daude.
Dena den, Arantza Rock jaialdiak ez ditu kontzertuak bakarrik biltzen. Musikaz gain, beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte larunbaterako. Txikienek ere jaialdiaz goza dezaten, egitarauan txoko bat egin diete: haurrentzako jokoak egingo dituzte, 17:30etik 20:00etara.
Kontzertuak hasterako sabela beterik edukitzeko, berriz, ogitarteko jatea antolatu dute, 21:00etan, plazan. Jendeak afaltzen duen bitartean, Elektrotxarangak alaituko du giroa. Eta zozketa ere egingo dute, ilunabarrean.
Jende andana bildu izan da urtero Arantza Rock jaialdian; arrakastarik handiena izan duen urteetan, 3.000 lagunetik gora. Izan ere, jaialdiak ekartzen dituen taldeak ere ez dira nolanahikoak. Aurten ere, eguraldiak laguntzen badu, behintzat, musikazalez beteko da Arantza larunbatean.
Rocka, giro ona eta jaia
Esne Beltza, Goienetxe Anaiak, Mendeku Itxua eta Dj Bull izango dira Arantza Rock jaialdian, larunbat gauean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu