R ock-and-roll musika mota maite dutenek badute haren soinua, historia eta taldeak ezagutzeko beste eskaintza bat:rockoteka bat zabaldu berri dute Azkoienen (Nafarroa), herriko liburutegian. Rock musikarekin zerikusia duen dokumentu oro biltzea eta hedatzea da egitasmo berriaren helburua. Joan den larunbatean zabaldu zuten arren, jada hirurehun dokumentu inguru jaso ditu.
Herriko liburutegian zabaldu dute rockoteka. Rockari eskainitako gune bat izanik, bi rock musikarik parte hartu zuten larunbateko irekiera ekitaldian: Julio Castejonek, Asfaltotaldeko musikariak, batetik, eta Jose Antonio Campuzanok, Baron Rojo taldekoak, bestetik. Rockoteka jaio berriak izena ere badu: Baron Rojo talde espainiarraren En un lugar de la martxa (Martxaren tokiren batean) diskoaren izenburu berarekin bataiatu dute.
Rock soinuarekiko afizioa ez da berria herrian. Rockoteka sortzeko hazia duela bi urte erein zuten. Orduan Barricada Nafarroako taldeak, azken diskoa aurkezteko, kontzertu akustiko bat eman zuen liburutegian. Ekimenean Minnuendok, herriko rock musikako elkarteak, eta rocka maite duten herritar batzuek parte hartu zuten; tartean Jose Manuel Garcia, herriko liburutegiko arduraduna. Orduko burutazioa orain hasi da gauzatzen. Rock musika gizarte eta kultura gertakari gisa aldarrikatu nahi du rockoteka-k, eta, gainera, erakunde publiko batetik. «Edozein euskarritan rock musikarekin zerikusia duten dokumentuak bildu, erakutsi eta sustatzeko sortu da», dio Garciak, liburutegiko eta rockoteka-ko arduradunak.
Hirurehun agiri
Egun gutxi egin ditu rockoteka-k zabalik, baina jada 300 dokumentu inguru jaso ditu. Asko dohaintzan jasotakoak dira. Rockzale askok emandakoak jasotzen ari dira egunotan. «Binilo diskoak, liburuak, argazki zaharrak, egutegiak eta beste oparitu dizkigute. Baina hori guztia sailkatu egin behar dugu». Rockarekin zerikusia duen edozein agiri biltzen dute. Tartean, The Beatles Ingalaterrako taldearen 1965. urteko egutegi bat jaso dute. «Oso bitxia da, baina oraindik ez dugu jarri apalategian».
Liburutegian bertan dago rockoteka, baina aparteko azpiegitura sendo bat sortu nahi dute sustatzaileek. Horregatik, egitasmoak ez zaizkie falta, eta hedapenak tarte berezia izanen du. «Liburu eta diskoak aurkezteko gune ez eze, eremua egileen arteko topagune izatea nahi genuke. Egiten duten musikaz mintzatzeko aukera eman nahi diegu», dio Garciak. Euskaraz egiten den rockaz, oraingoz, ez dute deus jaso, baina tartea egin nahi diote. «Nafarroan hizkuntza ofiziala da. Ea zaleek, diskoetxeek eta argitaletxeek dituzten aleak bidaltzen dizkiguten. Hasi berriak gara, baina bizia eman behar diogu atal horri».
Hilaren 21erako beste irekiera ekitaldi bat antolatu dute. Baron Rojo taldeari buruzko biografia bat aurkeztuko dute, eta 80ko hamarkadatik gaur arteko rockaren historia biltzen duen argazki erakusketa bat zabalduko dute.
Rockaren txoko berria
Rock-and-roll musikaren eta kulturaren berri jasotzen duen txoko bat zabaldu dute Azkoiengo liburutegian: 'rockoteka'. Oraingoz, 300 dokumentu inguru gordetzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu