Maratila

Rodezno

santi leone
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Barkatu, irakurle, urduri nago, hau nire lehen artikulua baita (joan den asteko zutabean «erabaki naiz» paratu zuen artikuluak idazten zizkidan beltz literarioak, eta kanporatu behar izan dut). Galdua nabil, beraz, zer kontatu ez dakidala; horregatik erabaki dut iazko oporrez aritzea.

Alemanian ibili nintzen. A, zer oroitzapen ederrak! Frankfurten, Heinrich-Himmler-Platz bisitatu nuen, hala izendatua antzinako germaniarren mitoen ikertzaile sutsu hura omentzeko; Stuttgarten, Joseph-Mengele-Strasse inguratu nuen, zientzia aitzinatze aldera metodo heterodoxo samarrak erabiltzen zituen mediku haren oroigarri; Mainzen, Joseph-Goebbels-Gasse ikusi nuen, zinemaren bultzatzaile kartsu hura gogorarazten duena; Wiesbadenen, azkenik, Adolf-Hitler-Allee zapaldu nuen: gizon serioei biboteak zeinen ongi ematen dien erakutsiz, aitzindaria izan zen Hitler moda kontuetan.

Aitor dut gezurretan ari naizela. Aipatu tokietatik bakar bat ere ez da existitzen. Zuzentasun politikoak aspaldi ditu alemanak galbidera eramanak, eta historiarekiko errespetua galdua dute, arruntean.

Beharrik gauzak bertzelakoak diren Nafarroan. Hortxe dugu, konparaziora, Rodezno kondearen plaza. Izenaren azpian, «noblezia leinua» ageri da, Francoren ministroa izandako kondearen figura disimulatu nahian edo. Hitz horien gibelean, hala ere, aise igar daiteke Tomas Dominguez Arevaloren itzala. Izen hori desagerraraztea dute tema Iruñeko zenbaitek. Ez dakit zergatik, merituak bai baititu. Errate baterako, bolalumen ekoizpenaren sustatzaile handia izan zen: 50.000 bat heriotza zigor sinatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.