Rolls Royceak, Bilbora?

Galdamesen munduko Rolls Royce bildumarik handiena dago, eta orain ibilgailuak Bilbora lekualdatzea aztertzen ari dira. Eztabaida gori-gorian dago Enkarterrin.

Rolls Roycek plazaratutako modelo guztiak ikus daitekeen munduko erakusketa bakarra da Loizaga dorrekoa. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Galdamesko Loizaga dorrean automobil klasikoen munduko erakusketarik ikusgarriena dago. Izan ere, Rolls Royce luxuzko ibilgailuen modelo guztiak biltzen dituen bilduma bakarra da Galdameskoa. Dorrea eta bilduma pribatuak dira, baina, hala ere, asteburuetan ateak zabaltzen dituzte. Erakusketa honek Enkarterrin izan dezakeen iraupena airean dago une honetan.

«Pozalaguako kobak, meategietako ibilbidea eta Boinas la Encartada fabrika dira Loizagako dorrearekin batera Enkarterriko turismoaren harribitxiak», dio Koldo Santiago Enkarturreko kudeatzaileak. Eta, orain, antza denez, harribitxi horietako bat kendu nahi dio Bilboko Udalak Enkarterriri: Rolls Roycen bilduma. «Guk horren berri komunikabideen bidez jakin dugu. Ez bildumaren jabe den familiak ez eta Bilboko Udalak ere ez baitigu lekualdatze horren inongo berririk eman», azaldu du Santiagok. Gauzak horrela, Enkarturreko ordezkariak datorren asteartean bilduko dira familiarekin balizko lekualdatzearen inguruan mintzatzeko.

Loizaga dorreko ordezkariek alde egiteko eman dituzten arrazoien artean, zerga kopuru altua aipatzen dute. «Baina hori ez dago Enkartur edo bailarako udalen esku», dio Santiagok. Hala ere, horren inguruan mintzatzeko, Enkarterriko alkateak bildumaren jabe den familiarekin bilduko dira laster, arazo hau konpontzeko pausoak zeintzuk liratekeen zehazteko.

Edozein modutan, Rolls Royce horiek Enkarterritik Bilborako bidea egingo balute, lekualdatzeak bailararen turismoari zuzenean eragingo lioke. Izan ere, «jende asko etortzen da espresuki bilduma hori ikustera, eta hemendik joango balitz, gainerako interesgune turistikoei ere eragingo lieke», dio Santiagok.

Promozio eskasa

«Bilbok bilduma honekiko interesa erakutsi duen unetik beretik, garbi geratu da benetan bilduma garrantzitsua dela Loizaga dorrean dagoena», azaldu du Enkarturreko kudeatzaileak. «Baina dena ezin da hiriburuan bakarrik kontzentratu, gainerako eskualdeek ere euren berezitasunak baitauzkate, eta horiek ere bultzatu behar dira», dio. Horregatik uste du Enkarterriren promozioa egin beharko luketela erakundeek. Baina «gure eskualdea askotan ez da ikusten potentzial turistiko moduan», dio.

Santiagok uler lezake Bilboko Udalari bilduma hau interesatzea: «Hiriaren potentzial turistikoari altxor bat gehiago gehituko baitzitzaion». Baina askotan Bilbok berak duen potentzial turistikoa alferrik galtzen dela ere iruditzen zaio. Izan ere, «Bilbok inguruko eskualdeetako turismoa dinamizatzeko lana egin beharko luke, aprobetxatu turismoa ingurura esportatzeko», azaldu du. Horren adibide gisa, ez du Bilboko inongo hoteletan Enkarterriren edo Durangaldearen inguruko inongo liburuxkarik ikusi, «atzerrian hori gauzarik normalena da».

Azken finean, bilduma preziatuak Bilborako bidea egiten badu, ezingo du egungo kokalekua berdindu, Santiagoren ustez. «Bilbok Guggenheim izango du, baina ezingo du Loizaga dorrearen inguruko bista berdindu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.