Donostiako Aste Nagusia

Runba doinuak Saguesen

Muchachito Bombo Infierno Kataluniako taldeak gerriak mugiarazi dizkie ikusleei runba doinuekinKontzertuan, taldekide batek koadro bat margotu du, Zurriola islatuz

Adin guztietako ikusleak biltzen dira Saguesen, gehienak gazteak diren arren. GARI GARAIALDE/ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Marta Sanchezen eta Berri Txarrak Nafarroako taldearen ostean, Muchachito Bombo Infiernoren txanda izan zen herenegun Saguesen. Aste Nagusiak eskaintzen duen askotariko musikatik bat bete zuen talde honek: runba, hain zuzen ere.

Egunero bezala, 23:45ean hasi zen kontzertua. Lehenengo abestietan ez zen espero bezainbeste jende azaldu, baina su festa ikusten egon zirenak pixkanaka-pixkanaka Sagues aldera biltzen hasi zirenez, hamabiak pasa zirenerako kontzertu gunea jendez beteta zegoen.

Jairo Pereiro Muchachito-k zuzentzen duen Kataluniako taldeak lasai hasi zuen kontzertua, bildumako abesti lasaienekin. Taldeko partaideak aurkeztu zituen Muchachitok, eta poliki-poliki erritmo handiagoko abestiak jotzen hasi zen; bata eta bestearen artean, berriz, ikusleak algaraka jartzen zituen bakarrizketa laburrak esaten zituen.

Adin guztietako ikusleak bildu zituen Muchachito Bombo Infierno taldeak. Gehienak gazteak ziren arren, nagusiagoen lagun taldeak ere bazeuden gerriari mugimendua emanez. Abordatzetik galdutako pirata bihurriren bat ere ibili zen publiko artean, runbaren doinuak erakarrita, akaso.

Runbaren erritmoko koadroa

Taldeak duen gauza originaletako bat da taldeko kideetako batek ez duela inolako instrumenturik jotzen, ez du musikarik egiten. Baina beste guztiak bezain taldekoa da, beste bat gehiago. Santos de Veracruz taldeko artista da; runbaren erritmora, kontzertuan koadro bat margotzen du.

Kontzertuaren ildoa galdu gabe, musikaren erritmora eta beste taldekideek baino gehiago dantzatuz, Zurriolako hondartza islatu zuen margolanean,Urgull mendia atzealdean zuela.

Taldea ezaguna egin duten abestiak azken unerako utzi zituzten. Ojalá no te huviera conocido nunca eta Mala vida dira, beharbada, taldearen abesti ezagunenak eta ikusleak gehien animatu zituztenak. Horiek jo aurretik, kontzertua bukatutzat eman zuen taldeak, baina ikusleek behin eta berriz eskatuta, agertokira itzuli, eta bi abesti horiek eskaini zituzten, ikusleen gozamenerako.

Bukatzeko, taldeko artistak margolana txukuntzeko denbora gehiago behar zuen aitzakiaz, Muchachitok bakarka hiruzpalau abesti gehiago jo zituen, ikusleak runba doinuez ase eta kontzertura joateagatik eskerrak emanez. Behin margolana bukatuta zegoela, artista bera animatu, eta mikrofonoa esku artean hartuta pare bat abesti eskaini zizkien ikusleei.

01:30 inguruan eman zuten amaitutzat kontzertua. Ikusleek pixkanaka-pixkanaka Parte Zaharrerako eta erdialderako bidea hartu zuten, kontzertu on baten ostean parranda giroan jarraitzeko asmoz.

Gazte eta helduek Sagueseko kontzertuaz gozatu zuten. Baina ez ziren gozatu zuten bakarrak izan. Muchachitok bere ikuskizuna ematen zuen bitartean, Easo plazan adinekoentzako dantzaldia izan zuten Ibai Berriak taldearen eskutik.

Konstituzio plazan, erromeria egin zuten 23:30etik aurrera, eta Bulebarrean Mexikotik etorritako nazioarteko mariatxiak ikusi ahal izan ziren.

Datozen egunetan

Sagueseko kontzertuei dagokienez, atzo, Def Con Dos Galiziako taldea izan zen rap metala eskaintzen. Gaur, Su Ta Gar Eibarko taldearen garaia izango da, ezagunak egin dituen rock-metal doinuekin. Bihar, rock euskalduna jorratzen duten Esne Beltza eta Zea Mays taldeek edukiko dute gazteei moda-modan dauden abestiak eskaintzeko aukera.

Etzi, berriz, runba eta rocka tartekatzen dituen asturiarraren garaia iritsiko da. Melendirena kontzertu jendetsuenetakoa izango dela espero da. Sagueseko kontzertuei amaiera ematen, larunbatean, Celtas Cortos taldea arituko da: bere lanen artean 2.000.000 disko baino gehiago saldu ditu, eta folka eta rocka uztartzen ditu. Talde hark Aste Nagusiko musika ezberdinetako beste bat beteko du bere kontzertuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.