Herri Sahararraren egoera larriaz ohartarazteko eta Sahararen askatasuna aldarrikatzeko, artelanen erakusketa bat antolatu dute Nafarroako hainbat artistak eta ANAS Sahararren Lagunen Nafarroako Elkarteak. Iruñeko Reciclarte aretoan jarri dute erakusketa, eta ehun artistaren lanak ikus daitezke, asteburu honetan eta hurrengoan.
Marokok 1975ean okupatutako lurraldean bizi diren sahararren bizi-baldintzak kaskarrak dira, eta Nafarroako hainbat artistakAaiunen dauden kanpalekuetako sahararrei elkartasuna adierazi nahi izan diete. Erakusketaren bidez, kanpalekuetan bizi direnen premiak azaldu nahi izan dituzte. «Nork bere harri koskorra jarri du erakusketan», esan du Patxi Aldunate artistak.
Atzo arratsaldean zabaldu zuten Sahara aske baten aldeko arte erakusketa, Arrotxapea auzoko Reciclarte aretoan (Bernardino Tirapi kalea, 5), eta Mohamed Gailani kontsulordeak artista nafarren ekarpena eskertu zuen.
Erakusketan ehun artistaren lanak ikus daitezke; 25 artista sahararrenak dira, eta gainontzekoak, nafarrenak. Lan guztiak tamaina berdinekoak dira, hala ere, artista bakoitzak nahi izan duen teknika erabili du eta gatazkaren interpretazio askea egin du. Saharako artisten lanak oso adierazgarriak dira.
Guztietan Marokoko Gobernuak Sahara Mendebaldean altxatutako 2.700 kilometroko harresiaren aipamena ageri da. Lanak sahararrek egunero bizi duten errepresioaren lekuko dira: odola, alanbre hesiak, pertsonen aurkako minak dira lan horietan ageri direnak. Erakusketak harresiaren bidegabekeria ere salatu nahi du. Horretarako, Reciclarteko paretetan artelanak segidan eta bata bestearen ondoan jarri dira, lan bakoitzak harresi horren harri bat erakutsi nahi duelako.
Erakusketa ibiltaria izanen da, eta hurrengo hilabeteetan Nafarroako beste hiri batzuetara eramanen dute, Lizarrara eta Tuterara.
Erakusketen ibilbidea bukatzen denean artelanak kanpaleku sahararretara bidaliko dira, Smarako eta Tifaritiko liburutegietan gordetzeko. Kanpalekuetan dauden oinarrizko beharrak asetzeko artelanak saltzeko aukera aztertu zuten, baina gizakiak izpiritua ere elikatu behar duela uste du Galianik. «Gizakia ez da bakarrik ogiarekin bizi. Izpiritua ere landu behar du. eta nahiago dugu artelanak kanpalekuetara bidali».
Saharako musika eta kultura
Erakusketaz landa, ANASek Saharako musika eta kultura ezagutzeko aukera ere eskaini nahi izan du, eta, horretarako, kontzertuak eta hitzaldia bat antolatu ditu. Bihar musikagile nafarren emanaldia izanen da, 20:00etan, eta, etzi, kultura sahararra ezagutzeko lan tailerra, 18:00etan. Datorren ostiralean, berriz, musikasahararraren txanda izanenda, 21:00etan. Kontzertua emango dute, besteak beste, Salek Brahim, Smail Banane, Wala eta Nayat musikariek. Heldu den igandea da erakusketa ikusteko azken eguna. Egun horretan sahararrek festa handia eginen dute, Saharako Errepublika Independentea aldarrikatu zela 35 urte beteko baitira, eta Fronte Polisarioko Mohamed Abdalahik hitzaldi bat emango du, 19:30ean.
Sahara askearen aldeko artea
Ehun artistaren lanak ikus daitezke Iruñeko Reciclarte aretoan, asteburu honetan eta hurrengoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu